Eguzki-eklipsea
Gaur eguerdian eguzki-eklipse partziala ikusi ahal izango da Euskal Herrian
o.p. | eitb media
Eraztun itxurako eguzki-eklipsea guztizkoa izango da Artikoan. Euskal Herrian gehienez ere eguzkiaren diametroaren % 17koa izango da. 11:00 aldean hasiko da eta ordu eta erdi inguru iraungo du.
Gaur eguerdian, eraztun itxurako eguzki-eklipsea izango da, guztizkoa Kanadan, Groenladian ozeano Artikoaren zati batean eta Errusia iparekialdean; Euskal Herrian zati batean baino ez da ikusi ahal izango, ilargiak, gehienez ere, eguzkiaren diametroaren % 17 ezkutatuko baitu.
Eklipsea Euskal Herriaren ipar-mendebaldean ikusiko da gehien, Bizkiaian, % 17ko itzalarekin, eta portzentaje hori murrizten joango da zenbat eta hegoalderago eta ekialderago egon.
Eklipsea 11:01ean hasiko da (penintsulako ordu ofiziala), goia joko du 11:51n eta 12:45ean amaituko da.
Eklipsea gertatzen da objektu astronomiko batek beste bat ezkutatzen duenean eta, Lurretik, Eguzki- eta Ilargi-eklipseak ikus ditzakegu. Lehenengo kasuan, Ilargiak eguzki diskoa ezkutatzen du eta, bigarrenean, Ilargia Lurrak espazioan proiektatzen duen itzalean sartzen da.
Datorren osteguneko fenomenoa eguzki-eklipse bat da, normalean hamarnaka kilometro hartzen dituen zerrenda estu bati eragiten dion tokiko fenomenoa; gune horretatik kanpo eklipsea partzialki ikusten da, Ilargiak Eguzkiaren zati bat bakarrik estaltzen duelako.
"Eklipsearen unean Ilargia Lurretik zertxobait urrunago badago, honen diskoa Eguzkia baino txikiagoa ikusten da eta ez du guztiz estaltzen: horri deitzen diogu eraztun itxurako eklipsea, Eguzkiak eraztun distiratsu bat dirudielako. Hori da gaur gertatuko dena", azaldu dio EFEri Espainiako Behatoki Astronomiko Nazionaleko (OAN) astronomo Miguel Querejetak.
Ez da zuzenean begiratu behar
Izan partziala, zein guztizkoa, eguzkiari ez zaio inoiz ere zuzenean begiratu behar, eguzkiaren distira murrizten bada ere, igortzen duen energia beti bezain kaltegarria baita erretinentzat.
Eklipsea ikusteko eklipseentzako betaurreko bereziak erabiltzea komeni da (optiketan eta astronomiarekin lotutako lekuetan saltzen direnak), edo teleskopioak edo prismatikoak erabiltzea iragazki egokiekin. Inoiz ez dira erabili behar eguzkitako betaurreko arruntak edo "etxeko" erremedioak, hala nola erradiografiak edo film ilunak.
Hori ikusteko beste aukera bat Iruñekoa bezalako tokiko planetarioen zuzeneko emanaldiak jarraitzea da, edo eklipsea Teideko Behatokitik emango duen sky-live.tv dibulgazio kanaletik ikustea.
Euskal Herritik ikus zitekeen azken eguzki-eklipse partziala 2017ko abuztuaren 21ekoa izan zen -gutxi ikusi zen, arratsarekin bat etorri zelako-, eta hurrengo eklipse partziala 2022ko urriaren 25ean ikusiko da, penintsularen ipar-ekialdean eta Balear Uharteetan, OANen webgunearen arabera.
Euskal Herrian eguzki eklipse oso bat ikusteko 2026ko abuztuaren 12ra eta 2027ko abuztuaren 2ra arte itxaron beharko da, eta handik gutxira, 2028ko urtarrilaren 26ra, eraztun itxurako eguzki-eklipse bat egongo da.
"Zeruaren behaketak beti liluratu izan du gizakia, lehen zibilizazioetatik gaur egun arte, eta fenomeno astronomiko guztietatik, eklipseak beti izan dira gustukoenak, begi hutsez behatzeko erraztasunagatik eta oso ikusgarriak direlako, bereziki Eguzkiaren guztizko eklipseak", dio Querejetak.
Gainera, antzinako zibilizazio askok, augurio txarraren zantzutzat hartzen zituzten: "Kontatzen denez, K. a. 585eko maiatzak 28an gertatu zen eguzki eklipse osoak Medos eta Lidiosen arteko gudu luze eta krudel bati amaiera eman zion, bi zatiek, jainkoak euren portaera gaitzesten ari zirela interpretatu zutelako eklipsearekin", kontatzen du OANeko astronomoak.