Itxi

KORONABIRUSA

Intzidentzia metatua Euskadin 200 kasutik jaitsi da lehen aldiz abuztutik

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Igande honetan erregistratutako positiboak ere abuztutik erregistratutako baxuenak dira. R0 0,88koa da, eta ZIUetako gaixoen kopurua 84ra igo da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Covid-19aren transmisio-datuek hobera egiten jarraitzen dute Euskadin, eta abuztutik izan ez diren balioak erregistratu dira. Intzidentzia metatuak eta positiboen kopuruak ere atzera egin dute lehen aldiz, 2020ko abuztuan erregistratutako balioetaraino.

Zehazki, 181 kutsatze berri atzeman dituzte azken orduetan, eta 100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasa 195,66raino jaitsi da EAEn

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 5.169 proba diagnostiko egin dituzte igandean, eta egindako proben positibotasun tasa % 3,3tik % 3,5era igo da.

181 positibo berrietatik (aurreko egunean baino 24 gutxiago), 31 Araban detektatu dituzte, 54 Gipuzkoan eta 93 Bizkaian. Gainera, EAEtik kanpo bizi diren pertsonei egin dizkieten proben artean, hiru positibo atzeman dituzte.

EAEko ospitaleetan presio asistentziala zertxobait igo da, igandean 17 pertsona ospitaleratu baitituzte, bezperan baino lau gehiago baina ostiralean baino bost gutxiago, eta 140 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan, asteazkenean baino sei gehiago.

Gainera, zainketa intentsiboetako Unitateetan (ZIU) 84 gaixo larri daude, aurreko egunean baino lau gehiago.

100.000 biztanleko 14 egunetan metatutako kasu positiboen tasa 200 kasuetatik jaitsi zen larunbatean (198,39) eta 195,66koa izan da igandean (-2,73 kasu gutxiago).

Indize horrek gora egin du berriro Araban, aurreko egunean ehunen batzuk jaitsi ostean, eta 155 kasuan dago. Bizkaian 200 kasutik jaitsi dira, 198,77ra iritsi baita, eta Gipuzkoan, berriz, 200 kasutik gora jarraitzen du; 202,23an, hain zuzen.

Hiriburuko datuei dagokienez, igandean intzidentzia-tasa metatua 157,61 kasuan zegoen Gasteizen; 181,48an Donostian, eta Bilbon, berriz, 195,39an.

Zure interesekoa izan daiteke baita ere: Tolosa gune gorrira itzuli eta Agurain bertatik irten da 

Oinarrizko birsorkuntza-tasa (kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen du) 1etik behera dago EAEn, 0,88an geratu baita (-0,01); pandemiaren transmisioa kontrolatuago dago, beraz, azken orduetan.

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen du) ere zertxobait hobetu da, eta 0,94koa da Euskadi osoan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan 68 ikasgela daude itxita gaur, covid-19aren ondorioz, 46 ikastetxetan (eskola guztien % 0,48), Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera.

Txertaketa-erritmoa Euskadin

Guztira, 1.540.094 txerto eman dituzte orain arte Euskadin. Horietatik 614.862 bigarren dosiak edo dosi bakarrekoak dira, eta, beraz, txertaketa-pauta bete duten eta dagoeneko immunizatuta dauden pertsonak dira. 999.423k, berriz, lehen dosia jaso dute.

50 eta 59 urte bitarteko biztanleen % 77,2k gutxienez dosi bat jaso dute; tasa hori % 93,1era iristen da 60 eta 69 urte bitartekoen artean, eta % 15,4ra iristen da 40 eta 49 urte bitarteko EAEko herritarren kasuan, Osasun Sailak astelehen honetan eguneratutako azken txertaketa-buletinaren arabera.

Foru Erkidegoari dagokionez, Nafarroak 39 koronabirus kasu atzeman ditu azken orduetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (4)

Bideoak (1)