KORONABIRUSA
14 pertsona hil dira azken astean Euskadin, aurrekoan baino zazpi gutxiago
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Intzidentzia metatua beste bost puntu jaitsi da eta oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0) ehunen bat gehiago jaitsi da. Ospitaleko presioak hobera egin du, baina berriz ere positibo gehiago izan dira.
14 pertsona hil dira Euskadin azken astean, aurrekoan baino zazpi gutxiago. Intzidentzia metatua beste bost puntu jaitsi da eta oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0) ehunen bat gehiago jaitsi da. Ospitaleko presioak hobera egin du, baina berriz ere positibo gehiago izan dira.
Azken orduetan, berriz ere positibo gehiago izan dira, 254 kasu, astelehenean 201 izan ziren bitartean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 7.564 proba diagnostiko egin dira astearte honetan, aurreko eguneko 8.454 proben azpitik, eta egindako proben positibotasun tasa % 2,4tik % 3,4ra igo da.
Positibo berrietatik, 34 Araban atzeman zituzten, 61 Gipuzkoan eta 155 Bizkaian. Gainera, Euskaditik kanpo bizi diren lau pertsonak positibo eman zuten covid-19aren hautemate-probetan.
EAEko ospitaleetan presio asistentzialak hobera egin du, asteartean 25 pertsona ospitaleratu ostean, aurreko egunean baino zazpi gutxiago, 121 pertsona daude ospitaleratuta, astelehenean baino sei gutxiago.
Zainketa intentsiboetako Unitateetan (ZIU), lau paziente gutxiago daude; guztira, 80 ziren gaixo larriak.
100.000 biztanleko intzidentzia-tasa metatuak 14 egunetan behera egiten jarraitzen du Euskadin, eta azken orduetan jaitsiera hori bost puntukoa izan da, 186,57 kasuraino.
Lurraldez lurralde, Bizkaian eta Gipuzkoan tasa metatu horrek behera egiten jarraitzen du; lehenengoan, 194,1etik 187,81era igaro da, eta bigarrenean, 199,3tik 190,99ra. Araban igoera txiki bat izan da berriro, 155,6tik 157,17ra.
EAEko hiriburuetan joera berdina da: Gasteizen, tasa metatua 164,46ra igo da; Bilbon, 195,1etik 183,85era jaitsi da; eta Donostian, 173,80ra jaitsi da.
Behera egiten jarraitzen duen beste adierazle bat R0 da, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena eta atzo 0,83an finkatu zena (-0,01), eta zazpigarren egunez jarraian 1etik behera jarraitzen duena. R0 jaitsi egin da hiru lurraldeetan: Araban 0,88raino, Bizkaian 0,85eraino eta Gipuzkoan 0,77raino.
Ikastetxeetako egoera ere hobea da. Asteazken honetan 38 gela itxi dituzte 28 ikastetxetan, hau da, eskola guztien % 0,27, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren datuen arabera.