Itxi

KORONABIRUSA

Kasuak 50en bueltan kokatu dira Nafarroan bosgarren egunez jarraian

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Asteazken honetako 50 positiboak duela astebeteko 67 eta duela bi asteko 93 kutsatzeetatik urrun daude, gainera. Ospitalean 39 paziente daude.

Bi adineko kaletik barrena. Artxiboko argazkia: EFE

Nafarroak 49 kutsatze zenbatu ditu azken orduetan, Foru Gobernuak emandako datuen arabera. Atzokoan 1.682 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 379 gutxiago) eta horietatik % 2,9 positibo izan ziren. Positibotasun tasak apur bat gora egin du, % 2,6an baitzegoen.

Hala, bosgarren egunez jarraian, 50 positibo inguru zenbatu dituzte (54 zenbatu zituzten bezperan). Gainera, behera egin dute duela astebete atzemandako 67 kasuekin alderatuta (17 gutxiago) eta are gehiago duela 14 egun zenbatutako 93ekin (43 gutxiago).

Bestalde, 34 pertsona daude ospitaleetan covid-19ak jota –bezperan baino bi gutxiago-, horietako 11 zaintza intentsiboetako unitateetan. Pandemia hasi zenetik 1.190 lagun hil eta 62.607 kutsatu dira Nafarroan.

Horrez gain, positibo berrien % 56 Iruñerrian antzeman dituzte, eta % 10, Tutera inguruan. Gainerakoak (% 34) Nafarroako beste eremu batzuetan eman dira.

Tuteran, Altsasun eta Zizur Nagusian zenbatu dituzte positibo gehien; launa kasu, zehazki. Zerrendan hurrengo postuetan ageri dira Sarriguren eta Lakuntza eta Iruñeko Txantrea eta Sanduzelai auzoak, hiruna positiborekin.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)