BILBO
UEFAk 1,3 milioi emango dizkio Bilbori eta San Mamesek Europako bi final hartuko ditu
O. A. | EITB MEDIA
Bilbo Eurokopako egoitza izateko kontratua aldebakarrez etetea erabaki zuen futbolaren Europako erakunde gorenak. Euskal erakundeek akordioa lortu dute UEFArekin.
Bilbo Eurokopako egoitza izateko egindako inbertsioa berreskuratuko dute euskal erakundeek. Bilboko Udalak ostiral honetan jakinarazi duenez, futbolaren Europako organo gorenak 1,3 milioi euro ordainduko dizkie Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Horrez gain, Txapeldunen Ligako emakumezkoen final bat eta Europa Ligako gizonezkoen final bat San Mamesen jokatzeko konpromisoa hartu du UEFAk Bilborekin. Bilbo aurtengo Eurokopako egoitzetako bat izatekoa bazen ere, kontratua alde bakarrez etetea erabaki zuen apirilean UEFAk, eta azkenean Sevillak hartuko du Bilboren lekukoa.
UEFAren erabakiaren ondotik, euskal erakundea futbolaren Europako erakunde gorenarekin negoziatzen aritu da. Harreman horiek fruituak eman dituzte eta San Mamesen jokatu behar zen ekitaldia antolatzeko inbertitutako 1,3 milioi euroak berreskuratuko dituzte euskal erakundeek.
Uztailaren hasieran UEFAk egingo duen bileran berretsiko dute erabakia.
Bilboko Udalak zabaldutako oharraren arabera, antolakuntza lanak egiteko euskal erakundeek erakutsitako "borondatea, gaitasuna eta kudeaketa ona" aitortu ditu UEFAk, baita ekitaldi berrietan lan egiteko gogoa ere.
Euskal erakundeak "pozik" agertu dira Bilboko egoitzaren interesak "irmo" defendatzeagatik, eta, gainera, "datozen urteetan nazioartean eta ekonomian eragin handia izango duten bi kirol ekitaldi Bilbon" egitea lortu dutelako.
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea akordioarekin pozik agertu da, "lan serio, profesional, koherente eta arduratsua" defendatu dutelako. "Gure interesak irmo indartzeko eta defendatzeko ekin dugu, gainera, proiektu berriak lortuz", azpimarratu du.
"Eurokopako egoitza gisa Bilboren interesak irmo defendatuko genituela esan genuen, eta UEFAk berak hala onartu du", erantsi du.