Itxi

koronabirusa

Gaueko aisialdia uztailean irekiko da Nafarroan eta ez da "lehen bezalakoa izango"

o.p. | eitb eus

Leer en Castellano

Maria Chivitek iragarri du ekainaren 18tik aurrera neurriak arinduko direla ostalaritzan eta kulturan, baina argitu du "mahai gainean dagoena ez dela, oraindik, normaltasuna".

María Chivite

Alarma egoera osteko neurriak jasotzen dituen arau forala indar gabe gelditzeko astebete falta denean, Nafarroako Foru Erkidegoko lehendakari Maria Chivitek aurreratu du ekainaren 18tik aurrera neurriak arinduko direla.

Azaldu du zenbait neurri arinduko direla ostalaritza eta kulturaren sektorean; izan ere, egoera epidemiologikoaren bilakaera positiboa da. "Datu positiboak ditugu, bai txertaketan, bai eta ospitaleen okupazio mailaren jaitsieran", beraz, Nafarroako Gobernuak egoki ikusten du mugak batzuk arintzea.

Gaueko aisialdiari dagokionez, Chivitek adierazi du uztailera begira neurrien egokitze zabalago bat lantzen ari direla dagoeneko eta esan duenez "hor sartuko litzateke gaueko aisialdiaren kontua". Edozein modutan, ohartarazi du pentsatzen ari direna ez dela "dantzalekuak lehen ezagutu izan genituen moduan zabaltzea", eta zehaztu du ez dutela aurreikusten dantzarako-pistak zabaltzea, aisialdia kontrolatuagoa izango  baita "mahaiekin eta eserita kontsumitu beharrarekin".

Azpimarratu duenez "mahai gainean dagoena ez da, oraindik, denok nahiko genukeen normaltasuna".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)