Eraso matxista
Gizon bat atxilotu dute Basaurin, haurdun dagoen bikotekideari eraso egiteagatik
EITB Media | Agentziak
Biktima haurdun dago, eta ertzainei azaldu zienez, erasotzaileak etengabe urratzen zuen urruntze agindua, bera eta alaba mehatxatuz.
24 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, Basaurin, haurdun dagoen bikotekidea labanaz erasotzeagatik. Biktima indarkeria matxistaren biktimen programan zegoen dagoeneko, eta gizonak urruntze agindua zuen.
Biktimari hainbat ebaki egin zizkion gizonak, eta ospitalera eraman behar izan zuten zauriok osatzeko. Erasoa ostiraleko 23:15ean izan zen, Basauriko Basozelai auzoko etxebizitza batean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Emakumeak adierazitakoaren arabera, etxera bueltatzean bikotekidea topatu zuen bertan. Erasotzailea kondenatuta zegoen, mehatxuengatik, eta urruntze agindua zuen. Jaioko den haurrari buruzko eztabaida hasi zuten, eta emakumearen senide bat etxean agertu zen orduan, aurreko egunetan biktimaren berririk gabe egoteagatik arduratuta.
Gizonak labana bat hartu zuen sukaldean eta hainbat ebaki eragin zizkion biktimari, besoetan. Gero, ihes egin zuen erasotzaileak.
Emakumea etxean bertan artatu zuten osasun langileek, eta ospitalera eraman zuten, Ertzaintza bertan agertu ostean.
Biktimak agenteei azaldu zienaren arabera, bikotekideak etengabe hausten zuen urruntze agindua; eta heriotza mehatxuak egiten zizkion, berari eta beste gizon batekin duen alabari.
24 urteko erasotzailea Berrizen atxilotu zuten eta hiru delitu egotzi dizkiote: hilketa ahalegina, genero indarkeria eta kondenaren haustea.
Berrizko Udalaren gaitzespena
Berrizko Udalak prentsa ohar batean adierazi du "irmotasunez gaitzesten" dutela herriko bizilagunak Basauriko emakumeari egindako erasoa.
Eraso matxista salatzeko, hamabost minutuko kontzentrazioa deitu du Udalak, ekainaren 14rako, Urtiaga plazan.
[#ADIERAZPENA] Berrizko Udalaren adierazpena herriko biztanle batek Basaurin burutu duen eraso matxistaren aurrean¿¿
— BerrizkoUdala (@BerrizkoUdala) June 13, 2021
¿Kontzentrazioa ekainaren 14an, 20:00etan Urtiaga Plazan “Emakumeen kontrako indarkeriari ez! Aski da!” lemarekin #IndarkeriaMatxistarikEz #Nahikoada pic.twitter.com/VqZeJOC6cE