Itxi

Koronabirusa

Zupiriak babes komunitario "oso altua" aurreikusi du udazkenerako

EITB Media | Agentziak

Leer en Castellano

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du, aurten, Gobernu zentralak sarritan "ahaztu duela" espainiarra Estatu "autonomikoa eta asimetrikoa" dela.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, Bingen Zupiria, azaldu du litekeena dela irailerako edo urrirako EAEren covid-19aren kontrako babes komunitario maila "oso altua" izatea, neguari "beste modu baten" eusteko modukoa. Horretarako, azpimarratu du garrantzitsua dela "uda ondo joatea", eta datozen hilabeteetan "bi tresna" oso presente izatea: maskara eta txertaketa.

Radio Euskadin emandako elkarrizketan, Gobernu zentralaren pandemiaren kudeaketari buruz ere aritu da Zupiria; Estatuak "autonomikoa dela ahaztu" duela azpimarratuz, eta, EAEren kasuan, "asimetrikoa dela" aintzat hartu gabe. Hala, aurten "Estatuaren ereduak porrot egin" duela salatu du Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak.

Aurtengo udan iaz ez genituen bi tresna garrantzitsu daudela esan du Zupiriak; maskararen erabilera "orokortua" eta txertoak, "itxaropen handia" eragin dutenak.

Udazkenerako txertatzearen % 80a lortuko ote den itaunduta, Jaurlaritzaren ordezkariak adierazi du, oraingo erritmoari eutsiz gero, litekeena dela irailerako edo urrirako EAEk "babes komunitario oso altua" izatea.

Txertaketa prozesuaz ere aritu da Zupiria, "Europako erakundeetatik hasi eta osasun zentroetan bukatuta" eraginkorra izaten ari dela azalduz. Gainera, gazteen txertaketaren inguruko "plan zehatzik" ez dagoela argitu du.

"2021eko udarako, maskarak eta txertoak izango dira bidelagunik onenak osasun egoera honi aurre egiteko", adierazi du Zupiriak, iazko egoera epidemiologikoarekin alderaketa eginda.

Azkenik, nabarmendu du oraindik zuhurtziaz jokatzeko beharra dagoela, eta badagoela aukera "uda lasai eta ongi pasatzeko, baina deskuidatu gabe, eta beti zuhur ibilita".

Eurokopa, Bilbotik kanpo

Eurokoparen partidez galdetuta, Zupiriak esan du espainiar Gobernua ez dela "euskal erakundeekin oso eskuzabala" izan, eta salatu du Andaluziaren "jarduera turistikoarekin" emankorragoa izan dela, osasun egoera "bigarren mailan" utzita.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramailearentzat, pandemiaren bilakaera ikusita, "zentzuzkoena" litzatekeela partidak Bilbon zein Sevillan izatea, publikorik gabe.

Albisteak (3)

Bideoak (1)