Hondartzak
Beroa, hondartzak gainezka eta edukierak gainditzear, Bizkaian eta Gipuzkoan
EITB Media | Agentziak
Orotara, Bizkaia eta Gipuzkoako zazpi hondartza itxi dituzte egunean zehar, jende gehiegi zegoelako.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Zazpi hareatza itxi dituzte, bi Bizkaian eta bost Gipuzkoan, gaurko egunean zehar, baimendutako edukiera beteta. Gainera, beste 19tan jende pilaketa handiak egon dira, ixtera heldu gabe.
Tenperatura 30 gradura iritsi da gaur EAEko zenbait tokitan, eta herritar andana animatu da Kantauriar isurialdeko hondartzetan eguna pasatzera.
Koronabirusaren pandemia kontrolatzeko neurri bereziek, baina, indarrean jarraitzen dute hondartzetan ere, edukiera murriztuz.
Hondartzen okupazioa bandera bitartez jakinarazten da, bisitariek nahi beste denbora egoteko aukera duten edo dagoeneko alde egin behar duten argituz.
Bizkaia
Igande honetan, Bizkaiko 12 hondartzetan jarri dute bandera laranja. Edukiera betetzear egon dira Arenan (Muskiz), Sopelako bi hondartzetan, Getxoko Areetan eta Ereagan, Bakioko hondartzan, Plentzian, Gorlizen eta Isuntza zein Karraspion (Lekeitio).
Arrietara-Atxabiribileko hondartza, Sopelan, eta Bermeoko Aritzatxu itxi egin behar izan dituzte arratsaldean, bandera gorria jarrita.
Gipuzkoa
Zarautzeko hondartzako gune batean, Gaztetapen (Getaria), Ondarretan (Donostia), Itzurunen (Zumaia) eta Hondarribiako hondartzako guneetako batean bandera gorria jarri dute gaur, eguneko uneren batean, jendez gainezka zeudelako.
Zarautzeko hondartzan, Saturraranen (Mutriku), Malkorben (Getaria) eta Kontxan (Donostia) ere bisitari ugari bildu dira, baina ez da izan beharrezkoa hondartzok ixtea.
Kontxa, laino fin batek estalita. Argazkia: Xabier Urteaga | EITB Media