Itxi

KORONABIRUSA

Euskadin ez dira osasun neurriak arinduko beheranzko joera berretsi arte

N. B. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Euskadiko Babes Zibileko Planaren Aholku Batzordea (LABI) ez da datorren astera arte bilduko.

Sagardui gaurko prentsaurrekoan. Argazkia: Irekia.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu covid-19aren aurkako osasun neurriak arindu nahi 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasutik behera mantentzen dela baieztatu arte, gaur hamar hilabetean lehen aldiz gertatu den bezala.

Hala adierazi dute Gobernu Kontseiluaren ostean Bingen Zupiria bozeramaileak eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, eta azaldu dutenez, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) aholku-batzordea ez dute deituko egungo neurriek 20 egun bete baino lehen, eta horrek esan nahi du datorren astera arte ez dela bilduko.

Zupiriak azaldu duenez, lehendakariak ez die aurreratu zein izango den datozen egunetarako agenda, baina Iñigo Urkulluk azken dekretuaren neurriak aldatzeko premisa jakin batzuk bete beharko liratekeela esan zuen, eta horietatik lehenengoa 100.000 biztanleko 150 kasu baino gutxiago egotea izango litzatekeela gaineratu du.

Hala ere, datozen egunetan joera hori baieztatu behar dela azaldu du. Gainera, gogorarazi duenez, lehendakariak mahai gainean jarri zuen azken dekretuko neurriak aplikatzeko 20 egunak ere gainditu beharko zituztela. "Baieztapen horren zain gaude", berretsi du.

Ildo beretik mintzatu da Gotzone Sagardui Osasun sailburua, eta egungo datuak finkatzearen garrantzia azpimarratu du, "albiste onak baitira".

Nolanahi ere, LABIren Batzorde Teknikoak egoera epidemiologikoaren jarraipena egiten du eta, bere datu eta hausnarketetan oinarrituta, mahai instituzionala deituko du neurriak malgutzeari buruz erabakitzeko.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)