Koronabirusa
Lehendakariak LABIren bilera deitu du ostiral honetarako
eitb media
'Bizi berri' planaren 2. Mailako Agertokiko neurriak egongo dira mahai gainean: establezimenduen ordutegiak luzatzea, edukierak handitzea eta elkarte gastronomikoak irekitzea, besteak beste.
Iñigo Urkulluk LABI instituzionalaren batzarra deitu du ostiral honetarako, hilaren 18rako, koronabirusari aurre egiteko neurriez hitz egiteko.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzarra 16:30ean hasiko da Lehendakaritzan, eta erabakitzen dutena erabakitzen dutela, gaur egungo neurriak indarrean egongo dira astelehenera arte gutxienez, Jaurlaritzako iturrietatik azpimarratu dutenez.
2. Mailako Agertokia
Eusko Jaurlaritzak atzo iragarri zuen ez dituela covid-19aren aurkako osasun neurriak arindu nahi 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasutik behera mantentzen dela baieztatu arte, atzo hamar hilabetean lehen aldiz gertatu zen bezala.
Hala eta guztiz ere, kutsatzeen beherakadaren ondorioz, EAE 3. agertokitik 2.era jaitsi zen asteartean, Osakidetzaren planean ezarritako bost mailetatik bigarren baxuenera.
Eusko Jaurlaritzaren 'Bizi Berri' pandemia kudeatzeko kudeaketa planaren 2. agertokiak jardueren amaiera eta establezimenduen itxiera atzeratzea aurreikusten du, goizaldeko ordu batera hain zuzen ere. Gainera, merkataritzako, azoketako, merkatuetako, aire zabaleko kultur jarduerako eta kultu zentroetako edukiera handitzea jasotzen du. Era berean, ostalaritzan mahai bakoitzean egon daitekeen pertsona kopurua 4tik 6ra igoko litzateke.
'Txoko' eta elkarte gastronomikoak irekitzea ahalbidetzen du 2. Agertokiak, ordutegiak eta edukiera mugatuta; barrualdean kirola egiteko 10 pertsona elkartzea; kirol ekitaldietan publikoa egotea (% 60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsona barruan eta 1.200 aire zabalean); taldekako bestelako jardueretan pertsona kopurua handitzea; eta aire zabaleko igerilekuetan, lorategietan, hoteletako terrazetan eta kanpinetan edukiera % 60ra handitzea.