Itxi

KORONABIRUSA

Erietxeen egoera, hobera: 10 lagun ospitaleratu dituzte azken orduetan

Naiara Ballesteros | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gela arruntetako ospitaleratzeak 69ra jaitsi dira EAEn eta 190 positibo berri atzeman dituzte. Intzidentzia metatua 132 kasukoa da, eta hiru lurraldeak 100.000 biztanleko 150 kasutik behera daude.

Basurtuko ospitalea. Argazkia: EFE.

Ospitaleratuta dauden gaixoen kopurua jaitsi egin da EAEn eta ospitaleratze berriek ere behera egin dute azken orduetan. Ospitaleratutako 122 pertsonetatik 69 gela arruntetan daude, 31 gutxiago, eta 53 ZIUetan, aurreko egunean baino bat gutxiago. Gainera, 10 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte azken 24 orduetan; asteartean, berriz, 23 lagun.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 190 positibo berri atzeman dituzte Euskadinasteazken honetan, aurreko egunean baino 44 gehiago.

Lurraldez lurralde aztertuta, 115 positibo detektatu dituzte Bizkaian, asteartean baino 26 gehiago, 38 Gipuzkoan (aurreko egunean baino hiru gehiago) eta 28 Araban (aurreko egunean baino zortzi gehiago). Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo bizi diren bederatzi pertsona kutsatu dira.

Asteazken honetan 7.692 proba diagnostiko egin dituzte eta positiboen tasa % 2tik % 2,5era igo da.

Hala ere, intzidentzia-tasa metatua 132,74ra jaitsi da, hau da, asteartean baino bost puntu gutxiago. Gainera, hiru lurraldeak arrisku ertainean daude, 100.000 biztanleko 150 kasu baino gutxiago baitituzte.

Gipuzkoan, 100.000 biztanleko 118,26 kasu izan dira 14 egunetan. Araban 124,47 kasu izan dira, eta Bizkaian, 140,55.

Intzidentzia-tasen arrazoia (egungo 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasa duela astebetekoarekin alderatzen duena) 0,73 da Euskadin (0,74 zen aurreko egunean); oinarrizko birsorkuntza tasa, berriz, 0,82 da, aurreko eguneko berdina.

Ostegun honetan 30 ikasgela daude itxita, asteazkeneko 18 gelen aurrean. 26 zentro daude kaltetuta, aurreko egunean baino 9 gehiago, eta kutsadurengatik itxitako eskolen kopurua guztizkoaren % 0,21 da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (5)