Itxi

KORONABIRUSA

Pandemiak egonkor jarraitzen du Nafarroan: 47 positibo zenbatu dituzte

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Foru Erkidegoa arrisku txikitik gero eta gertuago dago eta, hala, murrizketak arindu ditu Gobernuak, gaurtik hasita.

Osasunbideako profesionalak txertaketa prestatzen. Artxiboko argazkia: EFE

Koronabirusaren kurba nahikoa egonkor egon da asteon Nafarroan, eta egun batean kenduta, 50eko langaren azpitik egon dira positiboak. Ostegun honetan 47 kutsatze zenbatu dituzte, Foru Gobernuak emandako datuen arabera.

Atzokoan 1.472 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 23 gutxiago) eta horietatik % 3,2 positibo izan ziren. Hortaz, proba kopuru antzekoa eginda, positibotasun tasak berdin jarraitzen du.

Bezperan baino kasu bat gehiago dira, baina duela astebete baino 14 gutxiago, eta duela 14 egun baino 11 gutxiago. Bilakaera on hori kontuan hartuta, pandemiari aurre egiteko murrizketak arintzea erabaki du Chiviteren gobernuak. Hortaz, ostiral honetatik hasita, ordutegi zabalagoan eta edukierak handiagorekin arituko dira areto, denda eta enparauak.

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Iruñeko Txantrea eta Ermitagaña auzoak daude zerrendaren buruan, launa positiborekin. Ondoren ageri dira, hiruna kutsatzerekin, Burlata eta Noain herriak eta Iruñeko Arrotxapea, Donibane eta Buztintxuri auzoak.

Ospitaleen egoerari dagokionez, 29 pertsona daude ingresatuta covid-19arekin (bezperan baino bat gehiago), eta horietako bederatzik ZIUn jarraitzen dute. Ez dago inor etxean ospitaleratuta (bat gutxiago), eta 20 dira plantan dauden gaixoak (bi gehiago).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)