Itxi

Koronabirusa

Urkullu: "Kanpoaldean, jende kopuru bat bilduz gero, maskara beharrezkoa litzateke"

EiTB Media

Leer en Castellano

Pedro Sanchezek kanpoaldean musukoak kanpoaldean derrigorrezkoak izateari utziko diotela iragartzeko erabili duen "modua" deitoratu du lehendakariak.

Your browser doesn’t support HTML5 video

"Desberdindu egin behar da kanpoaldea eta barrualdea. Kanpoaldean musukoa erabiltzeko askatasuna ematen bada, kontuan hartu behar da kanpoan jende kopuru bat bilduz gero, beharrezkoa izango litzatekeela. Eta beharrezkoa izaten jarraituko duela barrualdean", adierazi du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Gainera, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak kanpoaldean musukoak kanpoaldean derrigorrezkoak izateari utziko diotela iragartzeko erabili duen "modua" deitoratu du Urkulluk. Zentzu horretan, "oraindik irmoak ez diren eta Lurralde arteko Osasun Batzordean eztabaidatu beharreko proposamenak" komunikabideen bidez jakitera ematea kritikatu du EAEko buruzagiak.

Ekainaren 26an maskarek kanpoaldean derrigorrezkoak izateari utziko diotela iragarri du Sanchezek goizean. Lehendakariak prentsaurrekoa eman du arratsaldean, LABIren Aholku Batzordea bildu ondoren.

Urkulluren hitzetan, zientzialarien ikerketek "hilabeteak daramatzate kanpoaldean maskarak ez erabiltzeko aukera iragartzen, biztanleriaren % 50ak txertoa jaso ondoren", Euskadik betetzen duen baldintza.

"Kanpoaldean ere, jende pilaketa handiak direnean, maskara beharrezkoa litzateke"

Horregatik, "ez dugu ezer erabaki horren aurka, kanpoaldean maskarak erabiltzeaz ari garelako beti, baina kanpoaldean ere, jende pilaketa handiak direnean, maskara beharrezkoa litzateke", esan du. "Eta barrualdean beti beharrezkoa izaten jarraituko du", gaineratu duenez.

Hala ere, Espainiako Gobernuak neurria iragartzeko "modua" deitoratu du lehendakariak. "Oraindik irmoak ez diren eta Lurralde arteko Osasun Batzordean eztabaidatu beharreko proposamenak jakitera emateko ohitura ona ez dira hartzen ari", kritikatu du.

Osasun larrialdia indarrean dagoen bitartean, pandemiaren aurkako legeak maskara derrigorrezkoa izatea finkatzeko aukeraren inguruan galdetu diote Urkulluri. "Lurralde arteko Batzordea entzun eta kanpoaldean maskarak ez erabiltzeko baimena emateko eskumena du Espainiako Gobernuak. Ostegunean legez besteko proposamena onartzen denean, guk, Gobernu gisa, baldintza horietan maskaren erabilera salbuesteko aukera dugu dekretuan", azaldu du lehendakariak.

Bestalde, toki publikoetan maskara erabiltzeari uztea "kautelaz eta kontu handiz" egitea eskatu du Jose Luis Abalos Garraio eta Mugikortasun ministroak. Aldi berean, osasun neurriak hartzeko garaian, Estatu mailako "koordinazio eta koherentzia handiagoa" eskatu du ministroak.

Abalosen ahotan, Espainiako eredu "deszentralizatu eta konplexuaren" aurrean, "erkidego bakoitzean egon daitezkeen berariazkotasunaz haratago gutxieneko akordio komunak" beharrezkoak dira.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)

Bideoak (1)