KORONABIRUSA
Egonkor jarraitzen du pandemiak EAEn, 161 kasu berri eta % 2,9ko positibitatearekin
EITB MEDIA
Atzo 26 positibo izan ziren Araban, 102 Bizkaian eta 31 Gipuzkoan. Une honetan 50 pertsona daude ZIUn ospitaleratuta, atzo baino hiru gehiago.
Covid-19aren transmisioak antzera jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. 161 kasu berri atzeman dira larunbat honetan eta % 2,9koa da positibotasuna, eta aurreko bi egunekin alderatuz gero, ia berdinak dira datuak: 168 kasu eta % 3ko positibotasuna izan zen atzo, eta, 165 kasu eta % 2,7ko positibotasuna aurreko egunean.
Atzo, 5.502 proba diagnostiko egin ziren, Osasun Sailaren datuen arabera. Horietatik 26 positibo atera ziren Araban, 102 Bizkaian, 31 Gipuzkoan eta 2 beste autonomia-erkidego batzuetan bizi diren pertsonengan atzeman zituzten.
Ospitaleko egoerari dagokionez, larunbat honetan 16 pertsona ospitaleratu zituzten EAEn (aurreko egunean baino hiru gutxiago), eta gaur egun 50 paziente daude ZIUn, aurreko egunean baino hiru gehiago. Iazko urriaren erdialdean ZIUetan zeuden covid paziente kopuru antzekoa dago gaur egun.
Kasu berriak 43ra jaitsi dira Nafarroan, baina positibitatea % 4,8ra igo da
Larunbat honetan 43 kutsatu berri atzeman dituzte Nafarroan, bezperan baino 16 gutxiago, Foru Gobernuak igande goizean emandako behin-behineko datuen arabera.
Osasun Sailak 899 proba egin zituen atzo, eta horietatik % 4,8k eman zuten positibo.
Astean zehar, 32 kasu atzeman zituzten astelehenean Nafarroan ( % 1,9), 62 asteartean ( % 3,3), 46 asteazkenean ( % 3,2), 47 ostegunean ( % 3,2), 59 ostiralean ( % 4) eta 43 ( % 4,8) larunbat honetan.