KORONABIRUSA
21era jaitsi dira Nafarroan atzemandako kasu berriak
EITB MEDIA
Positibotasun tasa % 2,6koa da, iazko uztailekoaren antzekoa. Iruñeko Sanduzelai auzoan hiru kasu zenbatu dituzte, eta bina atzeman dituzte Mendillorri auzoan eta Burlata eta Erriberri udalerrietan.
Positibo berrien beherakada nabarmena izan da Nafarroan igande honetan; izan ere, 813 proba egin dituzte, eta % 2,6ko positibotasun tasa izan dute, iazko uztailekoaren antzekoa, 21 positiborekin, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera.
Horrek esan nahi du kasuen kopurua erdira jaitsi dela aurreko eguneko datuekin alderatuta, 43 kasu zenbatu baitziren bezperan, % 4,8ko positibotasun-tasarekin.
Iruñeko Sanduzelai auzoan hiru kasu atzeman dituzte, eta bina atzeman dituzte Mendillorri auzoan eta Burlata eta Erriberri udalerrietan.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 28 gaixo daude ingresatuta covid-19arekin Nafarroako ospitale sarean, bezperan baino bat gehiago. Atzo ez zuten zuzenean inor sartu ZIUetan, baina ingresatuta zegoeneko bat lekualdatu zuten bertara. Ez zen hildako gehiagorik izan gaitzaren ondorioz, beraz, 1.191 dira pandemia hasi zirenetik Foru Erkidegoan hildakoak.
Txertaketaren datuak
Txertaketari dagokionez, 5.106 dosi inokulatu zituzten atzo. Guztira 527.063 txerto eman dira eta 20.279 pertsonak jaso dute pauta osoa.
Oro har, Nafarroako 16 urtetik gorako biztanleen % 60k baino gehixeagok du dosi bat jarrita, eta populazio horren % 38 erabat immunizatuta dago.
Bestalde, 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatua 92,63koa zen ostiralean Foru Erkidegoan, Espainiako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.