Koronabirusa
16 urtetik gorako biztanleen % 40 immunizatuta daude Euskadin
N. B. | EITB MEDIA
Gainera, ia % 60k covid-19aren aurkako txertoaren dosi bat jaso du dagoeneko.
Covid-19aren aurkako txertoaren lehen ziztadaren estaldura % 62,1ekoa da Euskadin, 156.044 pertsona, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren azken txertaketa-buletinaren arabera.
Bestalde, Euskadiko biztanleen % 41,7k txertaketa-jarraibide osoa bete dute. Hau da, EAEn 776.774 pertsona daude erabat immunizatuta.
Gutxienez dosi bat jaso dutenen eta inmunizazio osoa dutenen ehunekoa kalkulatzeko kontraindikazioa dutenak eta txertoari uko egin diotenak helburuko populaziotik (16 urte edo gehiagoko populazioa) kentzen dira.
Euskadik jasotako txertoen % 95,2 eman ditu, 156.044 lehen dosikoak eta 776.774 bigarren dosi edo dosi bakarrekoak. Hain zuzen ere, orain arte, Pfizerren 1.317.240 txerto jaso dira (% 97,6), Modernaren 179.400 (% 100), AstraZanecaren 356.900 (% 79,7) eta Janssenen 72.350 (% 96,6).
Onda Vasca irratiari eskainitako elkarrizketa batean, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak txertaketaren garrantzia gogorarazi du, eta oporraldia eta txertaketa prozesua uztartzeko moduko ezagutza dugula adierazi du. "Nik argi daukat zer lehenetsiko nukeen, txertaketa lehenetsiko nuke", esan du.
Nerabeen txertaketari buruz galdetuta, Sagarduik esan du datorren ikasturtea "eskola eremuan defentsak sortuta" hasteko aukera planteatu dela. Izan ere, talde horrek mugikortasun eta elkarrekintza sozial handia du, eta gaitzaren intzidentzia metatua handia da une honetan adin talde horietan.
Osasun sailburuak esan du etengabe hobera egiten ari dela gaitzaren bilakaera, eta hori "itxaropenerako arrazoi bat" dela, baina gogorarazi du oraindik urrun gaudela 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 60 kasukoa izateko helburutik.
Kanpoaldean maskara nahitaez erabili behar ez izateari dagokionez, azpimarratu du musukoaren erabilera lasaitzeak ez duela esan nahi pandemia amaitu denik eta beharrezkoa dela prebentzioari eustea. Gainera, maskara kanpoan ez erabiltzea baldintza jakin batzuen mende egongo dela zehaztu du, besteak beste, jende pilaketak eta kutsatzeko arriskua.
"Goazen urratsez urrats. Herritar guztiak normaltasunik handienean bizi ahal izatea gustatuko litzaidake, baina ez dezagun ahaztu pandemian gaudela oraindik", gaineratu du.
Emandako dosiak
Adinaren arabera, 80 urtetik gorakoen % 100ek jaso dute txertoaren lehen dosia. 70 eta 79 urte bitartekoen artean, portzentajea % 97,4koa da; 60 eta 69 urte bitartekoen artean, % 94koa, eta 50 eta 59 urte bitartekoen artean, % 89koa.
40 eta 49 urte bitarteko biztanleen % 47,8k, 30 eta 39 urte bitartekoen % 15,2k, 20 eta 29 urte bitartekoen % 14,5ek eta 16 eta 19 urte bitartekoen % 3,4k ere jaso dute lehen dosia.
Immunizazio osoa dutenen tasa % 99,1ekoa da 100 urtetik gorakoen artean, % 99,8koa 90 eta 99 urte bitartekoen artean, eta % 99,5ekoa 80 eta 89 urte bitartekoen artean. Portzentajea % 96,8koa da 70 eta 79 urte bitartekoen artean, % 36,8koa 60 eta 69 urte bitartekoen artean eta % 58,2koa 50 eta 59 urte bitartekoen artean.
Gainera, bigarren dosia jaso dute 40 eta 49 urte bitartekoen % 18,5ek, 30 eta 39 urte bitartekoen % 13k, 20 eta 29 urte bitartekoen % 11,8k eta 16 eta 19 urte bitartekoen % 2k.