KORONABIRUSA
Nafarroan gora egin dute positibo berriek, baina 40tik behera jarraitzen dute
EITB MEDIA
Positibotasun tasa % 2,6koa da, aurreko eguneko berbera. Tafallan, San Adrianen eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan atzeman dituzte positibo gehien.
Covid-19aren positibo berrien kopuruak gora egin du bezperakoarekin alderatuta, baina 40tik behera dago, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera.
Igandean, positibo berrien beherakada nabarmena izan zen Nafarroan, eta iazko uztailekoaren antzekoa izan zen, 21 positibo zenbatu baitzituzten. Astelehen honetan, 37 positibo berri atzeman dituzte 1.448 proba eginda (PCR eta antigenoak) eta positibotasun tasa % 2,6an geratu da.
Tafalla, San Adrian eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan 3na kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 57 daude, Tuteran % 14 eta Lizarran % 14. Gainerako positiboak (% 15) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Positibo gehienak 15 eta 29 urte artekoak (% 35) eta 30 eta 44 urte artekoak (% 27) dira. Ondoren, 15 urtetik beherakoen eta 45 eta 59 urte bitartekoen taldeak daude, biak % 14rekin. Azkenik, 60 eta 75 urte bitarteko taldea (% 8) eta 75 urtetik gorakoen taldea (% 3) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 32,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 57 gizonezkoak dira eta % 43 emakumezkoak.
Ospitale-okupazioari dagokionez, 27 paziente daude Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bat gutxiago. Atzo beste ospitaleratze bat izan zen gaixotasun horrengatik eta ez zen heriotzarik jakinarazi, beraz, Nafarroan heriotzen kopurua 119koa da.
Eguneroko datuen arabera, birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 63.149 kasukoa da Nafarroan.