Itxi

KORONABIRUSA

Uztailaren 2tik aurrera irekiko dituzte diskotekak Nafarroan

N. B. | EITB MEDIA

03:00ak arte egongo dira zabalik, baina dantzaldia debekatuta egongo da. Tabernen eta jatetxeen ordutegia ere malgutuko dute, eta 01:00a arte ireki ahalko dute, % 60ko edukierarekin.

Diskoteka bat. Argazkia: Pexels.com.

Nafarroak 03:00ak arte irekiko ditu dantzalekuak eta diskotekak uztailaren 2tik aurrera, baina dantzaldia debekatuta egongo da. Horrez gain, tabernen eta jatetxeen ordutegia malgutuko du, eta 01:00a arte ireki ahalko dute, % 60ko edukierarekin. Gainera, mahai bakoitzeko sei pertsona eseri ahalko dira lokalen barruan eta hamar terrazetan, Diario de Navarra eta Diario de Noticias egunkarien arabera.

Gaur egungo murrizketen malgutasun berria, hasiera batean, uda osoan indarrean egoteko ideiarekin onartuko du Foru Gobernuak, baina uztailaren amaieran berrikusiko dute, egoera horri eusteko edo malgutzeko, datu epidemiologikoak eta txertaketaren hedapena kontuan hartuta, Osasuneko ordezkariek ostalaritzaren sektoreari astelehen honetan jakinarazi diotenez.

Beraz, taberna eta jatetxeentzako edukiera gaur egungoaren antzekoa izango da (% 50ekoa barnealdean eta distantziaren mugarekin soilik). Dantza-pistei dagokienez, oraingoz, barrualdean behintzat, debekatuta egongo da dantza egitea, eta, ostalaritzan gertatzen den bezala, edariak eserita hartu beharko dira, barrak itxita eta mahai bakoitzeko 4 eta 6 pertsona arteko edukiera mugatuta.

Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak astearte honetan adierazi duenez, covid-19aren aurkako neurriak hartzeko foru agindu berriak aurrera egingo du murrizketen beherakadan, eta oraingo honetan edukiera eta ordutegien erlaxaziotik haratago joango da.

Chiviteren hitzetan, aste honetan bilerak egingo dituzte gaueko aisialdiaren, ostalaritzaren, kulturaren eta hezkuntzaren sektoreekin, "bizi dugun egoera epidemiologikoa ikusteko eta beheraldi horretan aurrera egiten jarraitzeko".

Indarrean dagoen foru aginduak uztailaren 1era arte iraungo du, eta, beraz, "uztailaren 2rako foru agindu berri bat izan behar da, denok nahi dugun normaltasun berri horretara bidean aurrera egiteko".

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)