KORONABIRUSA
Hiru pertsona hil dira EAEn azken astean covid-19ak jota
Naiara Ballesteros | EITB MEDIA
Oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0) 0,90etik 0,97ra igo da azken 24 orduotan. Hala ere, ospitaleetako datuek hobera egiten jarraitzen dute, 40 lagun baitaude ZIUetan eta 68 gela arruntetan.
Astebetean hiru pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) koronabirusa dela eta, abuztu erdialdetik izandako kopururik txikiena, Eusko Jaurlaritzak Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez. Aurreko astean baino sei gutxiago dira (orduko hartan bederatzi izan ziren zendutakoak).
Aldizkari epidemiologikoan emandako eguneroko datuei dagokienez, azpimarratzekoa da oinarrizko birsorkuntza-tasa (R0) nabarmen handitu dela, 1etik gertu baitago, eta agerian uzten du Euskadin covid-19aren transmisioa handitzen ari dela. Azken orduetan, kasu positibo bakoitzak zenbat pertsona kutsatzen dituen neurtzen duen R0 indizea 0,97ra igo da (0,90an zegoen astelehenean).
Gainera, Araba 1etik gora dago jada (1,01), ekainaren 4tik ez bezala, eta Bizkaia hurbil dago, 0,98rekin (astelehenean baino pixka bat gutxiago), Gipuzkoa bezala, 0,71tik 0,91ra igaro baita egun bakar batean.
Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) 187 positibo berri atzeman ditu astearte honetan, astelehenean baino 41 gehiago. Positibotasun tasak ere gora egin du eta azken 24 orduetan % 2,8ra igo da (astelehenean % 1,9an zegoen).
Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaiak jarraitzen du buruan, 77 positiborekin, baina atzetik ditu Gipuzkoa (70) eta Araba (30). Horrez gain, EAEtik kanpo bizi diren lau pertsonak positibo eman dute.
Intzidentzia-tasa metatua hiru puntu jaitsi da, eta 100.000 biztanleko 14 eguneko tasa 108,74koa izan da.
Astelehenean, Araban igoera bat izan zen, eta atzo berriro igo zen 111,7raino. Gipuzkoan ere gorakada izan da (82,4 kasu), eta Bizkaia beheranzko joerari eutsi dio (120,1 kasu).
Ospitaleko presioa murriztu egin da
Ospitaleetako datuak hobetzen jarraitzen dute. Astearte honetan, 18 pertsona ospitaleratu dituzte, bezperan baino bost gutxiago. Guztira, 68 pertsona daude ospitaleetako gela arruntetan, aurreko egunean baino bi gehiago. ZIUei dagokienez, 40 pertsona daude egoera kritikoan, aurreko egunean baino bost gutxiago.
Euskadin ez dago herri bat bera ere transmisio-gune gorrian; izan ere, Gueñes udalerria, astelehenean 400 intzidentzia metatutik gora zegoena, kopuru horretatik jaitsi da.