Itxi

KORONABIRUSA

40 kutsatu berri izan dira Nafarroan beheranzko joerara itzuliz

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Azken orduetan koronabirusaren 40 kasu positibo hauteman dira Nafarroan, bezperan baino gutxiago, asteartean 59 izan baitziren kasuak.

Bi emakume, oinez, kalean. Argazkia: artxiboa

Azken orduetan 40 koronabirus kasu hauteman dira Nafarroan, bezperako datuak hobetuz, hala; izan ere, asteartean, 59 kasu hauteman zituzten.

Kutsatzeek, beraz, azken egunotako beherazko joerari eutsi diote eta 50 kasutik behera kokatu dira berriro. Duela astebete 46 izan ziren positiboak eta 49, berriz, duela bi aste.

Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, Tuteran izan dira positibo gehien, lau kasu izan dira bertan; Burlatan eta Iruñeko Ermitagaña eta Azpilagaña auzoetan, berriz, hiruna kasu hauteman dira.

Osasun sistema publikoak 1.423 proba egin zituen eta positibotasun tasa % 2,8koa izan zen.

Ospitale-okupazioari dagokionez, 19 paziente daude ospitaleratuta Foru Erkidegoko ospitale-sareko zentroetan, aurreko egunean baino bat gutxiago. Atzo pertsona bat ospitaleratu zuten gaixotasun horrengatik, eta ez zuten hildakorik jakinarazi; beraz, 1.192 dira covid-19aren ondorioz Nafarroan hildakoak.

Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urtekoen taldea da nagusi, % 56, eta 30-44 urtekoen taldea, % 27. Ondoren, 45 eta 59 urte bitarteko taldeak (% 12) eta 15 urtetik beherakoak (% 5). Azkenik, atzo ez zen kutsatzerik izan 60 eta 75 urte bitarteko eta 75 urtetik gorako taldeetan.

Positibo berrien batez besteko adina 29,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 68 gizonezkoak dira eta % 32 emakumezkoak.

Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 63.248 da Nafarroan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)