Itxi

Koronabirusa

Ministroen Kontseiluak musukoen erabilera arintzeko dekretua onartu du

Berezi Fernandez | EITB Media

Leer en Castellano

Carolina Darias Osasun ministroak gogoratu du musukoa erabiltzea hautazkoa izango dela aire zabalean, betiere 1,5 metroko segurtasun distantzia bermatuta dagoenean.

Hainbat pertsona, musukoa jantzita. Argazkia: EFE

Ministroen Kontseiluak aire zabalean maskararik ez erabiltzea ahalbidetuko duen dekretua onartu berri du. Carolina Darias Osasun ministroak gogorarazi du kalean bakarrik kendu daitekeela musukoa, 1,5 metroko distantzia bermatuta dagoen kasuetan.

Espainiar Gobernuak covid-19aren pandemiaren bilakaera aztertu duten profesionalen irizpideetan oinarrituta onartu du legea, Dariasek azaldu duenez. "Bereziki sentikorrak" diren datuak garrantzitsuak izan direla azaldu du Osasun Ministroak, ospitaleetako oheen okupazioa (% 2koa) eta ZIUen presioa (% 7koa) aipatuz.

Hala, Gobernuak "ebidentzia zientifikoan" oinarritutako legea aurkeztu du, eta musukoa zein egoeratan kendu daitekeen zehaztu. Hala ere, Carolina Dariasek gogorarazi du jendetzak ekiditea beharrezkoa dela oraindik.

Azkenik, musukoa erabiltzea pandemiaren kontrako neurri eraginkorra izan dela berretsi du ministroak. Gainera, arintzea "mailakatua" izango dela azpimarratu du, eta neurriak "ohiko egoerara" bueltatzeko balioko duela.

Edukiera osoa estadioetan

Maskararen erabileraz gain, dekretuak futbol eta saskibaloi partida profesionalen edukiera ere arautzen du. Hala, Carolina Dariasek iragarri du Santander eta Endesa ligetako partidetan eserleku guztiak betetzea baimenduko dutela.

Orain arte % 30 zegoen murriztuta futbol eta saskibaloi partidetako edukiera, eta, orotara, 50.000 lagun bildu zitezkeen estadioetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (2)

Bideoak (1)