Erreportajea
LGTBI+ Harrotasuna: politikoa da, kolore asko ditu eta ez dago salgai
Berezi Fernandez | EITB Media
Intifada Marika eta Ozen! plataformek E28aren irakurketa kapitalista eta LGTBI+ kolektiboaren aldarrien merkantilizazioa salatu dute.
"Zirkuitulabur mentala". Hori eragiten dio Intifada Marikako Koldori erakundeek eta enpresa handiek LGTBI+ Harrotasunaren aldarrietatik probetxu ekonomikoa ateratzeak. Koldok berak eta Beak —Ozen! plataformako militantea— borroka sozialaren merkantilizazioa kritikatzen dute, baita kapitalismoaren mesedetan egindako mugimenduaren despolitizazioa ere.
Bi elkarrizketatuak Bizkaian LGTBI+ pertsonen eskubideen alde lan egiten duten Harro Plataformako eta E28 Koordinadorako kideak dira. Azken urteetan, gainera, beste kolektibo batzuekin harremanak indartu dituzte, erretiratu eta pertsona arrazializatuekin kasu, LGTBI+ borroka klasearteko borroka dela ulertzen dutelako.
Zapalkuntzaz galdetuta, Beak eta Koldok argi eta garbi identifikatzen dute borreroa: kapitalismoa. Bada, egungo sistema ekonomikoak bereari "eusteko eta bizirauteko" figurak behar ditu, "familia nuklearra, bikote monogamoak, heterosexualak eta ugaltzaileak", esaterako. Eredu horiek, baina, ez daude LGBTI+ komunitatearen beharren neurrira eginda, eta, horregatik, figura horiek suntsitu eta "giza harreman afektibo zein ekonomiko berriak" sortzeko beharra sumatzen dute elkarrizketatuek.
"Hirian bizi gara, eta gauza gordinak gertatzen zaizkigu bertan", esan du Beak. Ekainaren 28an, LGTBI+ Harrotasunaren Egunean, E28 Koordinadorak giza eskubideak errespetatzeko eskatuko du Bilbon; marika, bollera trans, arrazializatu edo sexu langilea izan, eta beldurrik gabe bizitzeko espazio publikoak aldarrikatzen.
— E28 Bizkaiko Koordinadora (@e28koordinadora) June 21, 2021
Ez dago salgai
Ekainean zehar, ortzadarraren banderak fatxadak, erakusleihoak, enpresen logoak eta sare sozialetako profilak janzteak aurrez aurre jartzen ditu kolektiboa bera eta bere ikurrak. 2019an, Intifada Marikak "Gaypitalismoa batera geldituko dugu" kanpaina sortu zuen, ikonografiaren eta klase iraultzaren erabilera interesatuaren kontra. Urte berean, Donostian eta Bilbon gayentzako hotelak eraiki behar zituztela jakin zuen plataformak, eta Bilbo Europride edo Harrotasun Europarraren egoitza izateko proposatu zutela.
"Harrotasuna ez da itsasontzi batean festa bat egitea; ez da ekonomikoa, ezta errentagarria ere. Borroka soziala da, eta enpresek borroka sozial guztietatik kanpo egon behar dute. Ezin dute giza eskubideetatik dirurik atera", esan du Intifada Marikako kideak.
Azken urteetan, erakundeek ere egin diote lekua E28ari euren agendan, Harro Plataformako kideen ustez, handinahiz. Horregatik, kolektiboko kideek salatzen dute balkoian bandera bat jartzeak edota papar-hegalean txapa bat eramate hutsak ekarpen inozoa egiten diola borrokari. Ozen! plataformako militantearen esanetan, instituzioek pinkwashinga egiten dute Bilbon: "Hiri irekia diela diote, baina guri gauza asko gertatzen zaizkigu eta ezikusiarena egiten dute".
Beste adibide zehatz bat aipatzearren, aspaldi ikusitako banku baten kanpaina otu zaio Beari. "Bi lesbianaren arteko ezkontza baten argazkia zen. Hipoteka bat eskatu eta, gero, txakur bat erosiko zuten bi emakumerena". Berori da instituzioek egiten duten iruditegiaren jabetzaren erakusleetako bat. Ozen! kolektiboko kidearen esanetan, enpresek saldu nahi duten horrek ez du zerikusirik bere errealitatearekin: "Ni naiz produktua eta ez dute lortzen ni neu identifikatuta sentitzea".
Erakundeen kontzientzia faltaren ildotik, eitb.eus-ek elkarrizketatutako pertsonek Ekain gazteari Basaurin egindako eraso homofoboa azpimarratu dute, eta gertatutakoak irakurketa finagoa merezi duela nabarmendu; izan ere, jazarpena etengabea da, eta kasu isolatu gutxi batzuetatik baino gehiago du gaitz globaletik.
"Denok dugu historia bat, denok jo gaituzte inoiz, eta etengabe zapaltzen gaituzte", berretsi du Intifada Marikako kideak. Hortaz, arazoari aurrez aurre begiratzeko, erakundeen kondena hutsalak ez du ezertarako balio. "Ez dute ezer egin benetako eraldaketa sozialik gauzatzeko, eta hori da behar duguna", azpimarratu du Koldok.
Iraultza bat da, eta, noski, dantzatu daiteke
Emma Goldmanek, sufragisten aldeko aktibistak, XIX. mende amaieran esan zuen: "Dantzatu ezin banaiz, ez da nire iraultza". Goldmanen heriotzatik 80 urte igaro diren honetan, esaldiak inoiz baino zentzuzkoagoa dirudi, iraultza garaikideetan oihartzuna izaten jarraitzen baitu.
Jai giroko Harrotasunaren eta Harrotasun Politikoaren artean aukeratu beharrak, berriz, dikotomia faltsua planteatzen du. Bearen ustez, E28an biak eskaintzen dituzte: "Nik, lesbiana gisa, Bilbon ez daukat aisialdirako espaziorik; eta guk geuk sortu behar ditugu, beharrezkoak zaizkigulako. Baina Harrotasuna hori baino askoz gehiago da, geure botereaz baliatuta, geure beharrak zeintzuk diren plazaratzeko eguna baita ".
E28aren irakurketa antikapitalistarekin jarraituta, Intifada Marikako kideek sarritan azaldu dute programatzen diren ekitaldietako publikoa "gizon gay, zuri eta lumarik gabekoek" osatzen dutela. Manifestazioa festarekin lotzearen ifrentzuan, berriz, interes politikoak daudela uste du Ozen!eko kideak: "Eguna despolitizatzeko modu bat da, feminismoarekin ere saiatu dira. Desfile bat egin eta bukatzea nahi dute. 'Egin dezatela eurena eta joan daitezela etxera', pentsatzen dute".
Memoria eta Harrotasuna Euskal Herrian
Iruditegi iparamerikarrak lortu du LGTBI+ borroka zeharkatzea. Horrenbestez, elkarrizketatuen aburuz, interesgarria litzateke memoria kolektibo ariketa bat egitea, erreferenteak gure kaleetan, auzoetan eta hirietan daudela konturatzeko.
E28an 1969ko egun horretan Stonewallen gertatutakoa omentzen den arren, gurera bueltatzea funtsezkoa dela uste du Beak. Hala, besteak beste, Errenterian bertan, duela 42 urte Polizia Nazionalak Francis hil zuela gogoratu beharra dago, horren aburuz.
"Hemen EHGAM —Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua— daukagu, eta historia luzea du. Geure eskarmentu propioa dugu, eta ez dago Stonewallera jo beharrik", nabarmendu du Koldok.
"Sinetsarazi nahi digute hemen aldarrikatzen dugun guztia AEBtik datorrela, baina hemen behar propioak ditugu. Garrantzitsua da hemen eta orain bizi diren gorputzak ditugula ulertzea", erantsi du Beak.