KORONABIRUSA
Kutsatzeek apur bat gora egin dute Nafarroan, 40tik gora zenbatuta
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Astelehen honetan, 42 positibo zenbatu dituzte, aurreko asteetan atzemandakoak baino gehiago.
Ekaineko azken astea gorakada txiki batekin abiatu du Nafarroak. Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera, 42 positibo berri zenbatu dituzte.
Atzokoan, 1.364 proba diagnostiko egin zituzten (aurreko egunean baino 638 gehiago) eta horien % 3,1 positibo izan ziren. Hala, proba gehiago eginda positibotasun tasak puntu bat egin du behera.
Bezperan baino 13 gehiago dira, baina baita duela astebete baino bost gehiago, eta duela 14 egun baino sei gehiago. Horrela, goranzko joera apal bat atzeman daiteke.
Iruñeko Azpillaga auzoan zenbatu dituzte kasu gehien: lau. Gainerakoan, Zizur Nagusian eta Iruñeko Txantrea auzoan hiruna positibo atzeman dituzte, eta Andosillan, Lizarran, Martzillan eta Iruñeko Arrosadia auzoan, bina.