Itxi

Koronabirusaren semaforoa

Lezo, Pasaia, Villabona-Amasa eta Zarautz berdetik horira igaro dira

A. S. | EITB MEDIA

Gipuzkoako 16 udalerri daude eremu berdean, Bizkaiko 8 eta bakarra Araban.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoa

OHARRA: Koloretako semaforoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 5.000 biztanletik gorako udalerrien egoera epidemiologikoa adierazten du, baina ez dakar herriak perimetralki ixtea, mugikortasuna librea baita alarma-egoera amaitu ondoren.

Aldaketarik ez da izan eremu gorrian, eta Zumaia da gune latzenean dagoen udalerri bakarra, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Lezok, Pasaiak, Villabona-Amasak eta Zarautzek ezin izan diote berdeari eutsi, eta horian daude gaurtik aurrera.

Arabak (95 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du, baita Amurriok, Laudiok eta Gasteizek ere. Agurainek, bestalde, berdeari eutsi dio. Araban ez dago herririk gorrian, ezta laranjan ere.

Bizkaian, hori dago semaforoa (111 kasu 100.000 biztanleko), eta, Arabak bezala, ez du udalerririk gorrian edo laranjan.

Hori dauden udalerriak honakoak dira: Abanto, Abadiño, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga eta Zalla.

Balmaseda, Bermeo, Derio, Elorrio, Ermua, Gernika-Lumo, Lekeitio Markina-Xemein eta Ondarroa gune berdean daude.

Gipuzkoa ere eremu horian dago, intzidentziak gora egin duen arren (93 kasu 100.000 biztanleko). Zumaia da Gipuzkoan eta EAE osoan gorri dagoen udalerri bakarra.

Horian daude honakoak: Astigarraga, Azpeitia, Deba, Donostia, Hernani, Irun, Lezo, Lasarte-Oria, Lazkao, Oñati, Ordizia, Orio, Tolosa, Zumaia eta Usurbil. Gaurtik aurrera, gainera, Lezo, Pasaia, Villabona-Amasa eta Zarautz gehitu zaizkie.

Azkenik, 16 udalerri daude eremu berdean. Andoain, Aretxabaleta, Arrasate, Azkoitia, Beasain, Bergara, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Hondarribia, Legazpi, Mutriku, Oiartzun, Urnieta, Urretxu eta Zumarraga gunerik samurrenean daude oraindik.

Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu eta EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.

Albisteak (1)