Itxi

Araudi berria

Erabilera bakarreko plastikoa debekatuta, gaurtik

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Estatu espainiarrean debeku hori indarrean jarriko duela ziurtatu du Espainiako Gobernuak, nahiz eta Europako araudia oraindik ez dagoen ordenamendu juridiko nazionalean txertatuta.

Plastikozko hondakinak. Argazkia: Pixabay.

Gaurtik aurrera, uztailak 3, debekatuta egongo da Europar Batasunean jakientzako erabilera bakarreko plastikozko platerak, mahai-tresnak, lastotxoak, kotoi-zotzak eta polietilenozko ontziak saltzea. Espainiaren kasuan, debekua data horretatik aurrera ere "eraginkorra" izango dela ziurtatu du Gobernuak, nahiz eta hori arautzen duen Europako zuzentaraua oraindik ez dagoen ordenamendu juridiko nazionalean txertatuta.

Europako Batzordeak erabili eta botatzeko plastikozko produktuak merkatutik kentzea du helburu, horretarako alternatibak badaudelako. Horretarako, zuzentarau bat onartu zuen duela bi urte, estatu kideei datorren larunbatera arteko epea emateko.

Zehazki, 2021eko uztailaren 3tik debekatuta egongo da plastiko oxodegradagarriz fabrikatutako edozein produktu saltzea, bost milimetro baino gutxiagoko mikroesferekin, kotoi-zotzekin, plastikoz estalitako makilekin, platerekin, lastoekin, edarien makila irabiagailuekin, puxiken makilarekin, poliestireno hedatuzko ontziekin eta material bereko edalontziekin.

Izapidetzen ari den legea

Nolanahi ere, lege hori indarrean sartzeko epea larunbat honetan beteko bada ere, Espainiako Gobernuak oraindik ez du onartu hondakinen eta lurzoru kutsatuen lege proiektua. Ministroen Kontseiluak maiatzaren 18an onartu zuen legegintza-ekimena, eta duela gutxi hasi da tramitatzen Parlamentuan.

Etorkizuneko legeak ez du bere ponentzia fasea uda igaro arte hasiko. Hala, ez da espero 2021eko Gabonak edota 2022ko udaberria arte onartuta egotea, Juan Lopez de Uralde Unidas Podemoseko diputatu eta Kongresuko Trantsizio Ekologikorako Batzordeko presidenteak joan den astean azaldu zuenez.

Aplikazio zuzena legezko formularik gabe

Testuinguru horretan, Gobernuak argitaratutako ohar informatibo baten arabera, markek erabilera bakarreko plastikozko produktuak markatzeko zehaztapenak "bete beharko dituzte" uztailaren 3tik, araudia "aplikagarria" denean.

Oharrak gaineratzen du Zuzentarauaren 17. artikuluan Europar Batasuneko hogeita zazpi estatuei eskatzen zaiela indarrean jar ditzatela lege-, erregelamendu- eta administrazio-xedapenak, data horretan beranduenez ezarritakoa betetzeko. Hala ere, ordurako zuzentaraua egokituta ez badago, neurri horiek betetzeko "beharrezko neurriak aplikatzeko" agindua ematen zaie estatu kideei.

Ildo horretan, Ministerioak azaldu du, Zuzentarauan ezarritakoa betetzeko, debekuak "zuzenean aplikatu behar direla Espainian data horretatik aurrera".