Itxi

KORONABIRUSA

Gorakada nabarmena izan da Nafarroan, 65 kasu atzeman baitituzte

Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Hilabete hasieratik izandako daturik altuena da, baina aurreko asteetako kopuruen bueltan dago.

Osasun langileak txertoaren kapsula batzuekin. Artxiboko argazkia: EFE

Covid-19aren 65 kasu atzeman dituzte azken orduotan Nafarroan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.

Atzokoan 1.475 proba diagnostiko egin zituzten (bezperan baino 111 gehiago) eta horietatik % 4,3 positibo izan ziren. Horrenbestez, positibotasun tasak puntu bat baino gehiago egin du gora.

Bezperan baino 22 gehiago dira, baina duela astebete eta duela 14 egun zenbatutakoen bueltan daude; 59 eta 64 positibo zenbatu ziren orduan, hurrenez hurren. Dena dela, atzoko datua ekainaren hasieratik zenbatutako altuena da. Datu altuagoa topatzeko hilaren 4ra egin beharko genuke atzera (73 positibo atzeman zituzten orduan).

Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Berriozar, Cascante eta Milagro daude denen buru, launa positiborekin. Ondoren daude Barañain, Noain, Alesbes eta Zizur Nagusia udalerriak eta Arrotxapea auzoa (Iruñea), hirunarekin.

Nafarroa alerta-maila baxuan dago, eta joera hori pixkanaka jaisten ari da. Hala, Foru Gobernuak ostalaritzako eta gaueko aisialdiko edukiera eta ordutegiak zabalduko ditu ostiraletik aurrera.

 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (1)