Koronabirusa
Hernaniko Udalak baheketa bat eskatu du, baina Osasun Sailak ez du beharrezkotzat jo
Berezi Fernandez | EITB Media
Eusko Jaurlaritzatik erantzun dutenez, balizko positiboak identifikatuta dituzte Osakidetzako aztarnariek.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Xabier Lertxundik, Hernaniko alkateak, herrian baheketa masibo bat egiteko eskatu dio Osasun Sailari. Covid-19 kasuen gorakada "kezkagarria" (intzidentzia metatua 10 aldiz biderkatu da azken astean) dela eta, neurri bereziak hartuko ditu Udalak.
Pandemiaren bilakaeraren azken datuak jakin ostean, Udalak Osasun Mahaia deitu zuen gaurko, baina Hernaniko osasun zentroko langileak ez dira bertaratu, ez zutelako Osasun Sailaren baimenik. Orain arteko bilera guztietan parte hartu izan dute osasun arloko profesionalek, eta gaurkora joateko baimenik ez izatea "harrigarria" iruditu zaio Xabier Lertxundi alkateari.
Hala, alkateak azpimarratu du Osasun Mahaiak hilabeteak daramatzala lanean, eta herriarentzat "oso baliotsua" izan dela osasun langileen eta udal ordezkarien arteko lankidetza. Osasun Sailarekin harremanetan jartzen saiatu eta lortu ez dutela azaldu du alkateak. Osakidetzako langilerik gabe aurrera egitea erabaki du Udalak, eta Osasun Mahaian hainbat erabaki hartu dituzte, "informazio zientifikorik gabe" bada ere.
Osasun Sailak herriko egoerari buruzko datu zehatzik eman ez diela azpimarratuta, Lertxundik Udalak hartuko dituen neurriak azaldu ditu: Eraikin publikoetan edukiera murriztuko dute eta udal zerbitzuetan (ikastaroak, tailerrak…) aritzen diren profesionalei antigeno testak egiteko aukera emango diete.
Udal ordezkariaren hitzetan, fokua zein izan den argitze aldera, beharrezkoa da baheketa masiboa. Osasun Sailari eskaera egin ostean, Lertxundik iragarri du udal eraikinak prest egongo direla eta "bitarteko guztiak" jarriko dituztela.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailetik azaldu dutenez, oraingoz ez dute beharrezkotzat jotzen baheketa egitea, balizko positiboak identifikatuta dituztelako Osakidetzako aztarnariek.