Itxi

Etxegabetzea

Bilboko Apezpikutzak gaixo dagoen pentsiodun bat etxegabetu nahi duela salatu dute

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Bilboko Maizterren Sindikatuak Jaurlaritza ere jomugan jarri du, gizona bizi den eraikineko etxebizitza guztiak erosi dituelako harena izan ezik.

Aguiriano, bere etxearen ondoan. Argazkia: @MaizterrakBilbo

Bilboko Maizterren Sindikatuak salatu duenez, Artzapezpikutzak 61 urteko gizonezko bat 30 urtean bizileku izan duen etxebizitzatik bota nahi du. Carlos Aguiriano da maizterra, pentsioduna da eta esklerosi anizkoitza du.

Sindikatuak ohar batean azaldu du Bilboko Artzapezpikutzak Aguiriano etxegabetzeko salaketa aurkeztu zuela, eta uztailaren 15ean egingo dutela etxegabetzearen auzi saioa. "Negoziazio saiakera guztiek porrot egin ondoren, bere etxebizitzatik kaleratzeko zorian daude", erantsi dute.

Sindikatu horren arabera, Elizak eta Jaurlaritzak 2019an sinatutako hitzarmena urratzen du etxegabetze horrek. Horren arabera, Elizak ahalegina egin behar du, etxebizitza hutsak izanez gero, bereziki zaurgarriak diren pertsonei alokairuan jartzeko.

"Baina itun hori sinatu ostean, hutsik jarraitu zuten 14 etxebizitza horiek (10 urtean egon dira horrela)", kritikatu dute. Are, "duela sei hilabete, Jaurlaritzak etxebizitzak erostea erabaki zuen, diru publikoa esku pribatuetan utzita". 

Sindikatuaren ustez, Bilboko Udalak edo Eusko Jaurlaritzak 2015eko etxebizitza legean jasotako neurrien bidez Apezpikutza zigortu  beharko luke, hala nola, metro karratuko kanon bat inposatuz, alokairu bat ezartzera behartuz edo etxe horien jabetza kenduz parke publikoan eskaintzeko.

Exekutiboak, ostera, "Apezpikutza saritzea erabaki zuen, Carlos bizi den blokeko 14 etxebizitza erosiz, eta operaziotik kanpo maizterra zuen etxe bakarra utziz: Carlosena, hain zuzen ere", kritikatu duenez.

Orain pertsona horrek urtebeteko errenta ordaintzea "proposatu du Apezpikutzak", salatu du, "baldintza ekonomiko onartezinetan". Gainera, "bizitza estilo zehatz bat inposatu nahi diote, Eguzkilore Fundazioaren menpe bizitzera behartuz, sen onaren aurkako irainak dira proposamenak", erantsi duenez.

Baldintzak onartzen ez baldin baditu, "Apezpikutzak etxegabetzearekin aurrera jarraituko du", salatu dutenez. Horregatik, Bilboko Maiezterren Sindikatuak batzarra deitu du datorren astearterako, Begoñako basilikan, "auzoko bizilagunen auzia jakitera emateko eta Apezpikutzaren interes ekonomikoak geldiarazteko estrategia bat diseinatzeko".

Albisteak (3)