Koronabirusa
Soraluzeko 24 gaztek positibo eman dute covid-19an, Saloutik bueltatu ondoren
Agentziak | EITB Media
Bestalde, Nafarroan beste 26 kasu atzeman dituzte. Hori dela eta, Osasunbideak gaitza atzemateko probak egingo dizkie Saloutik itzuli diren 17 eta 25 urte bitarteko gazteei.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Soraluzeko (Gipuzkoa) 24 gaztek positibo eman dute covid-19an, Saloun opor-egun batzuk igaro ostean. Testuinguru horretan, Soraluzeko DBH eta Batxilergoko 55 ikasle, duela gutxi ikasketa amaierako bidaian egon direnak, konfinatu egin behar izan dira haien herrira itzultzean.
Halaber, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak 26 covid-19 kasu baieztatu ditu, Saloura bidaiatu duten 16 gazte taldetan. Zonalde horretan izan diren gazteei jarraipen epidemiologikoa egiten ari diete, koronabirusarekin kutsatzeko arriskua izan baitute; positibo eman duten beste gazte batzuekin lotura izan dutelakoan.
Hori dela eta, Osasunbideak baheketa masiboa antolatu du azken zortzi egunetan Saloutik itzuli diren 17 eta 25 urte bitarteko gazte guztientzat. Zehazki, autobus geltokian (uztailaren 2an, 3an, 4an eta 5ean, 21:00etan) eta FOREM aretoan (ostiralean, larunbatean eta igandean, 15:00etatik 20:00etara) egingo dituzte gaitza atzemateko probak Iruñean. Tuterako eremuan, berriz, Sofia Erregina Ospitalean PCR probak egingo dituzte lau egunetan, 16:00etatik 21:00etara.
Dispositiboa, beraz, Saloutik asteburuan iristen direnentzat mantenduko da, eta ez da aurretiko hitzordurik beharko gaitza atzemateko proba egiteko. Gauzak horrela, koronabirusa atzemateko proba egin nahi duten gazteek hara hurbildu behar dira soilik. Gainerako guneetatik bereizitako tokia izango da, probak arinago egiteko.
Proba horietatik kanpo daude aurreko hamar egunetan PCR bat egin dutenak, bai eta azken hiru hilabeteetan PCR edo antigeno-test bidez emaitza positiboa izan dutenak ere. Halaber, ez dute joan behar isolamenduan edo koarentenan dauden pertsonek, ez eta sintomak eta zantzuak dituztenek ere, isolatu eta osasun-zentroan kontsultatu behar baitute.
Gainera, Osasunbideak baieztatu duenez, covid-19aren aurkako txertoa jartzeko zitazioa ireki du dagoeneko 18 eta 29 urte bitartekoen artean, pixkanaka eta aurreikusitakoa baino zertxobait lehenago. "Horrela, gazteen immunizazioa azkartu nahi da, kutsatzeak nabarmen areagotzen ari baitira", adierazi du Osasun Departamentuak.
Nafarroan, 113 positibo izan ziren ostegunean, eta horietatik % 71 kutsatuta daude. Datu horiek mugikortasun eta interakzio sozial handiagoarekin lotuta daude.