Itxi

Gaueko aisialdia

Kantabriak gaueko aisialdia itxiko du 16 udalerritan

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Neurria 14 egunez mantenduko da oraingoz, eta arrisku epidemiologikoaren arabera luzatzea aztertuko dute aurrerago.

Diskoteka huts bat. Argazkia: EITB Media.

Gaur gauerditik aurrera (uztailak 3 larunbata, 00:00) gaueko aisialdirako lokalak itxiko dituzte Kantabriako 16 udalerritan, tartean Santanderren. Osasun Sailaren arabera, establezimendu horiei lotutako agerraldi aktibo ugari izan dira azken egunotan.

Neurria 14 egun naturalez mantenduko da oraingoz, eta arrisku epidemiologikoaren arabera luzatzeko aukera izango da, gaur arratsaldean Kantabriako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenaren arabera.

Kantabriako Ostalaritza Elkarteak gaueko aisialdia 03:00etan ixteko eskaera egin eta Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiak atzera bota ostean iritsi da neurri berria.

Santander ez ezik, Torrelavega, Castro Urdiales, Camargo, Pielagos, El Astillero, Santa Cruz de Bezana, Laredo, Santoña, Santa María de Cayon, Colindres, Marina de Cudeyo, Ribamontán al Mar, Barcena de Cicero, Noja eta Arnuero ere eragingo ditu erabaki berriak.

Osasun Sailak jakitera eman duenez, diskoteketan, dantzalekuetan eta pubetan hainbat ospakizunekin lotutako kasuak "esponentzialki" ugaritu dira azken egunotan, bertan hasten diren festak etxeetan jarraitzen dutelako.

Une honetan, 14 eguneko intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 242 kasukoa da, eta 7 egunekoa 156koa, " arrisku-maila oso handian eta goranzko joera argiarekin", Segurtasun Sailetik azaldu dutenez.

Izan ere, azken egunetan, 7 egunera metatutako intzidentziaren "bat-bateko igoera" ikusi da; zehazki, 2021eko ekainaren 15etik hona, 100.000 biztanleko 27 kasutik 156ra igo da, batez ere 10-20 urteko eta 20-30 urteko adin-taldeetako kasuen hazkundeari lotuta.

Ildo horretan, 20-29 urtekoen taldean 900 kasu baino gehiago daude 100.000 biztanleko, eta 10-19 urtekoen taldean 500 kasu baino gehiago.