KORONABIRUSA
Covidaren aurkako txertoen bi dosiek aldaera berrietatik babesten dute
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Catherine Smallwood OMS-Europako Larrialdi Zerbitzuetako arduradunak esan duenez, Pfizerren eta AstraZenecaren formulek Delta aldaeraren aurka funtzionatzen dutela frogatu da.
Hamar astetan lehen aldiz gora egiten ari dira nabarmen koronabirus kasuak azken egunotan Europan. Hori dela eta, Erresuma Batuak atzeratu egin du deseskalatzea, adibidez, eta Portugalek etxeratze-agindua ezarri du berriro.
Nahiz eta txertaketa erritmoa hartzen ari den kontinentearen zati handi batean, aldaera berrien aurrean duen eraginkortasuna kezka iturri da oraindik. "Jatorrizko" birusaren hainbat mutazio daude zirkulazioan eta kasu gehien lauk eragiten dituzte: Alfak (jatorria, Erresuma Batuan), Betak (jatorria, Hegoafrikan), Gammak (jatorria, Brasilen) eta Deltak (jatorria, Indian). Azken hori munduko 98 herrialdetan atzeman dute jada, eta bereziki kezkatzen du hedatzeko duen erraztasunak.
Tedros Adhanom Ghebreyesus Osasunaren Mundu Erakundeko (OME) zuzendari nagusiak atzo bertan azaldu zuenez, Delta aldaeraren zabalpen azkarraren ondorioz, pandemia une "oso arriskutsuan" dago mundu osoan eta txertaketa-tasa baxuak dituzten herrialdeetan "ospitaleetan egoera ikaragarriak bizitzen" ari dira. "Osasun publikoko neurriak etengabe ebaluatzearen eta egokitzearen" alde agertu zen, eta maskara erabiltzea, urruntze fisikoa bermatzea eta kasu susmagarrien kontaktuen jarraipena ondo egitea ezinbestekoak direla gogorarazi zuen.
Catherine Smallwood OMS-Europako Larrialdi Zerbitzuetako arduradunak, bestalde, herritarrei pauta osoa lehenbailehen jartzearen garrantzia azpimarratu zuen: "Ez lirateke neurri sozialak arindu behar gero eta kutsatze gehiago dauden garaian, baina egiten bada, osasun-neurriak indartu behar dira: test gehiago, kontaktuen jarraipen handiagoa eta jendea txertatu, txertatu eta txertatu".
Izan ere, ebidentzia zientifikoen arabera, Pfizer-BioNTech eta AstraZeneca formulek, adibidez, Delta aldaeraren aurka "bikain" funtzionatzen dutela esan zuen. Hori bai, dosi bakarrarekin babesa murriztu egiten dela.
EMAk berak ekainaren erdi aldera eskatu zuen AstraZenecaren bigarren dosiaren zain zirenei aurreratzeko, pauta osoa lehenbailehen izan dezaten. Nafarroako Gobernuak, esate baterako, hori egitea erabaki du.