Itxi

Koronabirusa

Poliziak kontrolak areagotu ditu San Fermin bezperan jende pilaketak saihesteko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Agintariek gogora ekarri dute sanferminak bertan behera utzi zituztela eta Iruñea erdigunera ez joateko deia egin dute.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Poliziak kontrolak areagotu ditu Iruñean, neurri murriztaileak betetzen direla bermatzeko. Izan ere, bigarren urtez jarraian, sanferminak bertan behera geratu dira covid-19aren pandemiaren eraginez.

Dispositibo berezi horretan Udaltzaingoa, Foruzaingoa, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila elkarlanean ari dira. Koordinaziorako gunea, berriz, udaletxean dago kokatuta.

Iaz bezala, Udaletxearen eta Gaztelu plazaren inguruetan jarri dituzte kontrol-guneak, baita jendetza pilatu ohi den erdiguneko beste hainbat kaletan ere.

Segurtasun Batzordearen arabera, uztailaren 7an, 9an eta 10ean ere kontrolak zorrozteko aukera aztertuko dute.

Ildo horretan, Enrique Maya alkateak auzoetan gelditzeko eta Alde Zaharrera ez joateko deia egin die iruindarrei.

"Ez da zer pasatzen auzoan geratzeagatik. Auzoan eta auzoko ostalaritzaz gozatzeko aukera dago. Ez dadila mundu guztia erdigunea etorri. Hori da arrisku gehien duen tokia eta, beraz, horra joatea saihestu behar dugu", adierazi du. Horrez gain, neurri bereziren hartu beharko balitz, hala egingo dutela ziurtatu du.

Kutsatzeen gorakada kezkagarria dela azpimarratuta, arduraz jokatzeko deia egin du, "kalera modu masiboan atera gabe".

Establezimenduetako edukierak zorrotz zainduko dituztela eta kale nagusietan kontrolak egongo direla berretsi du.

Iaz, Udalak zapi handi bat eskegi zuen udaletxeko balkoitik, sanferminak gogoratuz. Alabaina, aurten halakorik ez dutela egingo erantsi du Mayak.

Bestalde, Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ere eskatu du arduraz eta zentzuz jokatzeko. Halaber, prebentzio neurriak betetzeko eta jende pilaketak ekiditeko galdegin du. "Dagoeneko mundu guztiak daki covid-19 nola kutsatzen den", nabarmendu du.

 

 

 

 

 

Albisteak (2)

Bideoak (2)