KORONABIRUSA
Deustuko Donostiako campuseko 30 ikasle kutsatu dira Bordelen ikastaro baten ostean
EITB MEDIA | AGENTZIAK
International Management Skills eta Digital Business Skills taldeetako ikasleak dira, Kedge Business School negozio-eskolako udako ikastaro batean parte hartu dutenak.
Gazteen artean koronabirus agerraldiek ez dute etenik. Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko ADE-ko 30 ikasle kutsatu dira oraingoan joan den astean Bordelen (Frantzia) egindako udako ikastaro batean.
Deustuko Unibertsitateak jakitera eman duenez, bidaiatu zuten 59 ikasleetatik 30ek positibo eman dute, eta horietatik 12 Bordelen daude koarentena egiten. Dena dela, guztiak sintoma larririk gabe daudela baieztatu dute.
International Management Skills eta Digital Business Skills taldeetako ikasleak dira, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako gradukoak, eta Unibertsitateko bazkide estrategikoa den Kedge Business School negozio-eskolaren udako ikastaro batera joan ziren.
Oraindik bertan jarraitzen duten ikasleak Deustuko irakasleekin daude, eta "uneoro" informazioa jasotzen ari dira jarraitu beharreko prozedurei eta pausoei buruz.
Donostiako Unibertsitateak jakitera eman duenez, bi unibertsitateetako arduradunek osatutako lantalde bat eratu dute, "eguneko 24 orduetan ikasleei eta haien familiei behar duten arreta emateko".