Elkarrizketa
Artundo: “Saloun egondako gazteen % 50ek positibo eman dute Nafarroara bueltatuta”
EITB Media
Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak adierazi duenez, Osasunbideko talde osoa "hunkituta" dago Maria Zandio Nafarroako Ospitaleko asistentzia-zuzendariaren heriotzarekin.
Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusiak azaldu duenez, Osasunbideko talde osoa "hunkituta" dago Maria Zandioren (45 urte) eta haren bikotekidearen heriotza dela eta. Zandio Nafarroako Ospitaleko asistentzia-zuzendaria da, eta zirkulazio-istripu batean hil zen atzo, astelehenean, Nijar herrian (Almeria). Droga-kontrol batean positibo eman zuen pertsona batek gidatzen zuen kamioi batek jo zuen Nafarroako senar-emaztearen autoa, eta, haiekin batera zihoazen bi semeak, 14 eta 16 urte artekoak, ZIUn ingresatuta daude; Artundoren arabera, "antza denez, arriskutik kanpo daude".
Pandemia Nafarroan
Pandemiari buruz galdetuta, Carlos Artundok Radio Euskadiko "Boulevard Informativo" saioan esan duenez, "Saloun (Herrialde Katalanak) egon diren eta proba egin duten gazteen % 50 inguruk positibo eman dute Nafarroara iristean". Osasun zuzendari nagusiarentzat hori "positibotasun izugarria da".
"Salou kasua" gisa ezaguna den makro-agerraldia bizirik dirau, Artundoren arabera, eta, dagoeneko, 1.000 kutsatutik gora dago.
Azaldu duenez, Nafarroako kutsatuen bi heren baino gehiago gazteak dira, eta "egunotako positibo gehienek Salouko agerraldiarekin dute zerikusia".
San Fermin
Uztailaren 6a, normalean, egun handia izaten da Iruñean. Milaka lagun bildu ohi dira eguerdiko hamabietan udaletxeko plazan eta inguruko kaleetan, baita Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan ere, jaiak iragartzeko txupinaren jaurtiketa zuzen-zuzenean edo telebista-pantaila handietan ikusteko.
Sanferminek inflexio-puntu bat markatzen dute urtero Iruñean. Herritarrek, enpresek eta erakundeek jaien "aurrekoa" eta "ondorengoa" kontuan hartuta antolatzen dute beren urteko jarduera, bederatzi egunez hiria erabat eraldatzen baitute ospakizunek. Baina aurten, iaz bezala, ez da horrela izango.
San Fermin Txikitoren harira, Osasun Publikoko zuzendari nagusiak esan du "birus honek ematen dizkigun ezustekoekin" ez dela ausartzen irailean zer gerta daitekeen imajinatzen.