Itxi

Koronabirusa

Osasun Ministerioko adituek etxeratze agindua ezartzea proposatu dute, kutsatzeak gelditzeko

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Leer en Castellano

Halaber, gaueko asialdia berriro ixtea beharrezkotzat jotzen dute. Euskal Autonomia Erkidegoan diskotekak itxita daude; Nafarroan, berriz, irekita. Pedro Sanchezek adierazi du ez duela etxeratze agindurik ezarriko.

Baheketa masibo bat Iruñean. Argazkia: EFE

Azken egunetan kutsatzeen kopuruak nabarmen gora egin duela eta, Osasun Ministerioko adituen batzordeak etxeratze agindua berriro ezartzea eta gaueko aisialdia ixtea proposatu dute. Hala ere, Pedro Sanchezek aurreratu du ez duela etxeratze agindurik ezarriko, erkidego batek hala eskatu arren.

Osasun Ministerioko adituek ohartarazi dute premiazko neurriak hartu behar direla koronabirusaren hedapena gelditzeko. Ildo horretan, beste hainbat aukera ere jarri dituzte mahai gainean: gaueko ordutegia mugatzea edo jendetza pilatu ohi diren ekitaldiak galaraztea, prebentzio neurriak bermatuta ez badaude.

Horrez gain, hotelak eta antzeko egoitzak koarentenak egiteko prest egongo direla bermatzeko neurriak hartzea proposatu dute.

Halaber, kutsatzeak gehien ematen diren adin taldeetan baheketa masiboak egiteko aukera azter dezatela aholkatu diete agintariei.

Bestalde, Osasun Publikoan eta lehen arretan koronabirusaren hedapenaren prebentzioan eta kontrolean aritzen diren lantaldeak indartzeko gomendioa egin dute.  

Etxeratze agindua baztertu du Sanchezek

Edonola ere, Pedro Sanchezek dagoeneko baztertu egin du neurri murriztaile berriak ezartzea eta azpimarratu du osasuna bermatzea gobernu autonomikoen eskumena dela.

Espainiako Gobernuko presidenteak adierazi du Lurraldeen arteko Osasun Kontseiluan aztertzen direla pandemiaren aurrean hartu beharreko neurriak, eta erantsi du une honetan ez dela beharrezkoa neurri berriak onartzea.

Alabaina, gazteei zuzendu zaie eta arduraz jokatzeko eskatu die. "Ulertzen dugu zuen nekea. Badakigu udan sartu garela eta ikasturtea amaitu duzuela, baina oso garrantzitsua da zuhurtzia mantentzea, zuen osasuna jokoan dagoelako eta nagusiak diren pertsona zaurgarriei min egiteko arriskua dagoelako", ohartarazi du.  

 

Albisteak (4)