Itxi

KORONABIRUSA

Txertoa hartu duten herritarren % 0,4 soilik kutsatu dira EAEn

EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak prebentzio neurriak betetzeko deia egin du enegarrenez. Bestalde, Osakidetzak 29 eta 16 urte bitarteko pertsonei hitzordua hartzeko aukera emango die aste honen amaieran.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua. Argazkia: Irekia

Txertaketak erritmo onean jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iragarri du milioi bat pertsona baino gehiago txertoaren pauta osoa hartuta izango direla ostegun honetan.

Edonola ere, adierazi du txertoa jarrita izanagatik ez dela ezinezkoa kutsatzea eta, ildo horretan, zehaztu du txertoa hartu duten herritarren % 0,4 soilik kutsatu direla EAEn. Hala, prebentzio neurri guztiak betetzearen garrantzia azpimarratu du, enegarrenez.

Halaber, aste honen amaieran Osakidetzak 29 eta 16 urte bitarteko pertsonei hitzordua hartzeko aukera emango diela gogorarazi du.

Dena dela, Sagarduik azaldu duenez, adin-tarte horretan 270.000 pertsona baino gehiago daude, eta, beraz, lasaitasunerako deia egin du, ezin izango baita berehala egin: "Dosiak iritsi ahala jarriko dira txertoak", adierazi du.

Osasun sailburuaren arabera, Euskadin 16 urtetik gorako 10 pertsonatik zazpik dosi bat dute, guztira 222 776 dosi jarri dira eta populazioaren % 52k txertoaren pauta osoa du. Biharko milioi bat pertsonaren langa gainditzea espero du Sagarduik.

60-69 urtekoen txertaketa uztailean amaitzea aurreikusten du sailburuak, eta datorren astean, berriz, funtsezko langileen txertaketa-aldia ixtea.

Gainera, 39-30 urtekoen txertaketarekin aurrera jarraituko dute aste honetan, eta astebururako adin tarte horren txertaketarekin amaitzea espero du. "Helburua adin tarte horiei txertoa jartzea eta, pixkanaka, gazteengana iristea da", esan du.

Era berean, Mallorcatik, Saloutik eta Coniletik iristen jarraitzen duten 16 eta 19 urteko gazteei baheketetan parte hartzeko deia egin die Osasun sailburuak.

Dosiei dagokionez, aste honetarako 79 560 Pfizer dosi (aurreko asteen erdiak), 14 400 Moderna dosi eta 10 550 Janssen dosi iritsiko direla aurreikusten da.

*Bialetatik lortutako 11. dosiak barne. Honenbestez, azken hilabeteetan jasotako txertoen %110 arte jar daiteke.

Albisteak (2)