Koronabirusa
Neurrien dekretua indarrean sartu da; espresuki debekatzen ditu jaiak
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Testuak jasotzen duenez, prebentzio neurriak betetzen ez diren eta pertsonak pilatzea dakartzaten "bilkuretan, festetan edo ekitaldietan parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da". Gainerako neurriak ekainaren 19koak dira.
Covid-19aren hedapena geldiarazten saiatzeko Iñigo Urkullu lehendakariaren dekretua ostegun honetan sartu da indarrean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu baitute.
Dekretuak datozen 15 egunetan indarrean egongo diren neurriak jasotzen ditu, atzo LABIren Aholku Batzordeak onartu ostean. Aurreko dekretuaren, ekainaren 19tik indarrean zegoenaren, ia bertsua da testua. Dena dela, oraingoan artikulu bat erantsi dute gogorarazteko kale-edanean ibiltzea, "ez jaiak" ospatzea eta tankerakoak egitea debekatuta dagoela prebentzio neurriak betetzen ez badira (maskara edota distantzia).
Hori horrela, 13. artikuluak horrela dio: "Indarrean dauden prebentzio-protokoloak eta -neurriak aplikatzen ez diren pertsonen pilaketa dakartzaten bilkuretan, festetan edo ekitaldietan –ez kanpoan, ez barruan– parte ez hartzeko betebeharra ezartzen da".
Era berean, neurri orokorren artean, oroitarazi dute derrigorrezkoa dela musukoa erabiltzea leku itxietan eta aire librean, pertsonen arteko gutxieneko distantzia 1,5 metrokoa izatea ezinezkoa denean.
Azkenik, osasun larrialdiari eutsi dio dekretuak. Duela hiru aste, aparteko egoera hori bertan behera uzteko aukera aztertuko zuela iragarri zuen lehendakariak berak, baina kutsatzeek gora egin dutela eta, larrialdia luzatzea ebatzi du azkenean.