KORONABIRUSA
Intzidentziak koska bat egin du gora EAEn, duela hilabeteko datuetara itzulita
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Azken 14 egunetako tasa metatua 224ra igo den arren, ospitaleetako egoera egonkor dago. 18 pertsona ospitaleratu dituzte eta 25 gaixo daude larri, bezperan bezala.
Your browser doesn’t support HTML5 video
224 kasu 100.000 biztanleko azken 14 egunetan. Horixe Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) intzidentzia tasa metatuaren azken datua, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandakoa. Horrenbestez, ekaina hasierako balioetara itzuli da pandemia gurean. Egoera ez da bera, ordea, ospitaleetako okupazio maila askoz txikiagoa delako: atzokoan 18 pertsona ospitaleratu zituzten (asteartean baino bat gutxiago) eta 25 gaixo larri daude, bezperan bezala. Duela lau asteko datuei erreparatuta (ekainak 3), berriz, 91 eri zeuden ZIUetan.
Asteazken honetan 649 positibo berri atzeman dituzte EAEn, aurreko egunean baino 40 gehiago. Birusa gazteak erasaten ari da bereziki, eta horren lekuko, 39 urte baino gutxiagokoen artean zenbatutako 521 kasuak. Dena dela, 17-18 urteko gazteak hartu ditu estuen covid-19ak (100 kutsatze). Ondorioz, pilatutako intzidentzia etengabe hazten ari da adin tarte horretan: tasa 2.179koa izan zen atzo; 2.014koa, herenegun, eta 1.868koa, astelehenean.
Bitxia bada ere, positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua adierazten duen zenbakiak (R0a, oinarrizko birsorkuntza tasa) beheranzko bidea hartu du azken egunetan, eta 1,45ekoa da, bezperan baino bost hamarren gutxiago.
Gipuzkoan harrotuta jarraitzen du birusak, eta lurraldeko pilatutako intzidentzia 300dik gero eta gertuago dago. Beste bi lurraldeetan goraka dabil 100.000 biztanleko tasa, baina Gipuzkoako zenbakietatik urrun samar daude oraindik: Bizkaian 191 kasutan, eta Araban, 115 kasutan.
Udalerriei dagokienez, gero eta gehiago dira intzidentzia tasa metatua 400dik gora dutenak (gorriz margotutakoak). Koronabirusaren azken semaforoaren arabera, bost dira dagoeneko Gipuzkoan (Tolosa batu berri zaie) eta bana Bizkaian eta Araban (Balmaseda eta Laudio). Larrien, dena den, Hernanik jarraitzen du, 100.000 biztanleko 1.654 tasa metatuarekin. Astelehenetik 61 kasu atzeman dituzte bertan. Urnietan ere ez da giro, eta 918 kasukoa da pilatutako intzidentzia.