Elkarrizketa
SATSE: "Lehen Arretan presiorik ez dagoela esatea gezurra da"
EITB MEDIA
Erizainen sindikatuak Araban duen ordezkaria da Samantha Gonzalez. Argitu duenez, kutsatzeen gorakadak "gainkarga" eragin du osasun zentroetan, eta udako ordutegi murrizketarekin, egoera are gehiago zaildu daitekeela ohartarazi du.
Samantha Gonzalez SATSE Arabako ordezkariaren hitzetan, koronabirus kasuen igoera eragina izaten ari da Osakidetzaren Lehen Arretako zentroetan. Azaldu duenez, arakatzaileek atzematen dituzte positiboak, baina proba diagnostikoak "osasun zentroetan egiten dituzte". Ondorioz, anbulatorioak "gainezka" daude.
Egoera islatzen duen pasadizoa kontatu du Gonzalezek Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan: "Lankide batek osasun zerbitzuaren beharra izan zuen aurrekoan, eta 20 aldiz deitu behar izan zuen osasun etxera, alferrik, ez baitzuen inorekin hitz egitea lortu. Anbulatoriora joan zen gero, eta administrazioko langile guztiak deiak etengabe hartzen topatu zituen". Sindikalista horren aburuz, "gainkarga horrengatik artatzen ez ditugun horiek ez dira presio asistentzialean agertzen, baina arazoa da ez ditugula artatzen".
Udan, ordutegi murrizketa eta pertsonal falta
Udan gaudela eta, Gonzalezek kritikatu du Osasun Sailak osasun zentroen ordutegia murriztu duela: "20:00etan ixten zituztenak, hiru ordu lehenago zarratzen dituzte, eta 17:00etakoak, 15:00etan". Ildo horretan, ohartarazi du koronabirusak "hor" jarraituko duela, eta hortaz, neurriak hartu beharko liratekeela birusa "berriro lehertu ez dadin".
Halaber, azpimarratu du beharrezkoa dela herritarrei, batez ere "gaixo kroniko eta adinez nagusi diren horiei", "zuzendutako "osasun sistema berreskuratzea. Izan ere, atzerapen handia dago ebakuntzetan.
Horretarako, baina, giza baliabideak behar dira, eta horren eskasia dagoela erantsi du Gonzalezek. "Oporrak tarteko, ordezkapenak egin behar dira, baina ez dago jenderik kontratatzeko", aitortu du. Erizainaren ustez, panorama hori aldatzeko estrategia moldatu behar da. Horrez gain, Osakidetzak erietxeetan duen udako politika jarri du jomugan Gonzalezek. Besteak beste, solairu osoak, 675 bat ohe, ixten direla aipatu du langileen oporrei aurre egiteko. "Itxaron zerrendak puzten doaz, urtez urte", ohartarazi du.