Koronabirusaren semaforoa
Laranja jarri da semaforoa Gipuzkoan, eta Laudio eremu gorritik atera da
Eriz Lotina | EITB MEDIA
Bizkaian, Bermeo, Gernika-Lumo eta Durangoko egoerak okerrera egin du; izan ere, aurreneko bi udalerriak eremu berdetik horira pasa dira, eta azkena horitik laranjara. Era berean, Gipuzkoan, Urretxu eta Villabona horitik laranjara pasa dira.
Laudio eremu gorritik atera da, covid-19ak EAEn herriz herri izan duen eragina neurtzen duen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren semaforoaren arabera. Bizkaian, Bermeo, Gernika-Lumo eta Durangoko egoerak okerrera egin du; izan ere, aurreneko bi udalerriak eremu berdetik horira pasa dira, eta azkena horitik laranjara. Era berean, Gipuzkoako lurralde historikoa eremu laranjara igaro da, eta Urretxu eta Villabona ere horitik laranjara pasa dira.
Arabak (173 kasu 100.000 biztanleko) eremu horian jarraitzen du, baita Amurriok, Gasteizek eta Agurainek ere, eta Laudio, berriz, gorritik atera da gaur.
Bizkaian, hori dago semaforoa (210 kasu 100.000 biztanleko), eta Balmasedak gorri jarraitzen du.
Mungian laranjan jarraitzen du semaforoak, eta azken orduetan Durango kolore berdinera igaro da.
Hori dauden udalerriak honakoak dira: Abanto, Abadiño, Arrigorriaga, Barakaldo, Basauri, Berango, Bilbo, Derio, Elorrio, Erandio, Etxebarri, Galdakao, Getxo, Gorliz, Gueñes, Leioa, Lekeitio, Mungia, Muskiz, Ortuella, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Sopela, Trapaga, Zalla eta Zornotza. Gernika-Lumo eta Bermeo azken orduetan sartu dira eremu berdinean.
Elorrio, Ermua, Markina-Xemein eta Ondarroa gune berdean daude.
Gipuzkoa eremu horitik laranjara igaro da, intzidentziak gora egin duelako (314 kasu 100.000 biztanleko). Astigarrak, Hernanik, Urnietak, Zumaiak eta Tolosak eremu gorrian jarraitzen dute.
Laranjan, berriz, Lazkao, Donostia, Irun, Mutriku, Villabona eta Urretxu daude, azken biak gaur pasa dira eremu horretara.
Horian gero eta udalerri gehiago daude: Arrasate, Andoain, Aretxabaleta, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Bergara, Deba, Donostia, Hondarribia, Eibar, Elgoibar, Errenteria, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Ordizia, Orio, Pasaia, Usurbil, Zarautz eta Zumarraga.
Ez dago herririk Gipuzkoan eremu berdean.
Europar Batasunak (EB) onartutako koloreen mapa egokitu du Jaurlaritzak, eta azken 14 egunetan metatutako intzidentzia-tasaren arabera sailkatzen ditu EAEko udalerriak.