KORONABIRUSA
304 positibo atzeman dituzte Nafarroan azken orduetan
EITB MEDIA
Saloura (Tarragona) egindako ikasketa-bidaien osteko agerraldiaren ondoren, bazirudien beheranzko joera zegoela, baina azken datuek kontrakoa erakusten dute.
Azken orduotan igo egin dira, berriro, covid-19 kasuak Nafarroan: 304 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 29 gehiago. Halere, positibotasun tasa puntu bat jaitsi da, % 13,3tik % 12ra.
Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo ez zen koronabirusak eragindako heriotzarik izan Foru Erkidegoan. Denera, lau pertsona ospitaleratu zituzten, covid-19arekin, horietako bat, ZIUn. Datu horiekin, denera 29 pertsona daude Nafarroako erietxetan covid-19agatik, 11 ZIUn.
Bestalde, 15 eta 29 urte artekoak dira kutsatutakoen % 75. Positibo gehien, Iruñean (73) Huarten (18), Tuteran (15), Antsoainen (10) eta Tafallan (10) zenbatu dira azken orduotan.
Pandemia hasi zenetik, 66.639 pertsona kutsatu dira koronabirusarekin Nafarroan, eta, orotara, 1.193 pertsona hil dira gaitz horrek jota.
Txertaketari dagokionez, berriz, 672.661 dosi jarri dira, eta 296.080 herritarrek jada osatuta dute prozesu osoa.
EAEn ere, goraka
Covid-19 kasu berrien kopuruak goraka jarraitzen du EAEn ere. Azken orduotan 737 kasu berri zenbatu dira, bezperan baino 34 gehiago.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zabaldutako datuen arabera, covid-19a atzemateko 9.384 PCR proba eta test antigeno egin ziren atzo, aurreko egunean baino 194 gehiago. Positibotasun tasa % 7,9koa da, apirilaren 26tik jaso den tasarik altuena.