KORONABIRUSA
Koronabirusak goranzko joeran jarraitzen du Nafarroan, 335 kasu gehiagorekin azken orduetan
EITB MEDIA
Hirugarren egunez jarraian gora egin dute Nafarroan atzemandako kasuek, eta positibotasun-tasa %16,2an dago. Iruñea, Uharte, Lesaka eta Lizarra dira kasu berri gehien dituztenak.
Azken orduotan igo egin dira, berriro, covid-19 kasuak Nafarroan: 335 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 31 gehiago, Foru Gobernuak igande honetan emandako datuen arabera.
Osasun Sailak 2.062 proba egin zituen atzo PCR eta antigeno testen artean, eta horietatik % 16,2k positibo eman zuten.
Gauzak honela, hirugarren egunez jarraian gora egin dute Nafarroan atzemandako kasuek eta positibotasun-tasa % 16,2koa da. Saloura (Tarragona) egindako ikasketa-bidaien osteko agerraldiaren ondoren, bazirudien beheranzko joera zegoela, baina azken datuek kontrakoa erakusten dute, grafiko honetan ikusten denez:
Zonaldeka, Uharten atzeman dituzte kasu berri gehien: 19. Ondoren, Lesakan eta Iruñeko Zabalgunean (17), Lizarran (15) eta Iruñeko Arrotxapea auzoan (13).
Ospitaleetako egoerari dagokionez, atzo 3 pertsona ospitaleratu zituzten Nafarroan, horietako bat ZIUn. Une honetan 30 pertsona daude ospitaleratuta covid-19agatik, horietako 12 ZIUn. Gutxinaka-gutxinaka baina goraka doa ospitaleratu kopurua: aurreko larunbatean 22 pertsona zeuden covidagatik ospitaleratuta, 7 ZIUn.
Pandemia hasi zenetik, 66.974 koronabirus kasu izan dira Nafarroan eta 1.193 heriotza baieztatu dituzte.
Txertaketa-kanpainari dagokionez, Gobernuak adierazi du guztira 679.111 txerto jarri dituztela, horietatik 6.450 atzo, eta dagoeneko 301.123 pertsonak duela pauta osoa.