KORONABIRUSA
Intzidentzia metatuak 300eko langa gainditu du EAEn
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Gipuzkoan are okerragoa da datua: 400 kasu dituzte 100.000 biztanleko. Gainera, ospitaleetako egoerak txarrera egin du, eta 82 pertsona daude erietxeratuta.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) koronabirusaren transmisio altuko egoeran sartu da, azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 300dik gora kokatu baita azken egunetan. Zehazki, 318 puntukoa da tasa hori 100.000 biztanleko. Gipuzkoako datu txarrek (400eko pilatutako tasa) eta gazteriaren artean dagoen kutsatze maila altuak eragin dute okertzea, besteak beste.
Joan den astean onartutako Bizi Berri IV planak ez zuen berez 300dik gorako intzidentzia testuingururik jasotzen, eta aurreko planera (Bizi Berri III) jo beharko genuke egungo egoerari erreferentzia egiteko: transmisio altua.
Horrez gain, orain arte egonkor mantendu den ospitaleetako presioa apur bat tenkatu da: 82 pertsona daude erietxean (ostiralean baino 17 gehiago) eta 28 gaixo kritiko daude ZIUetan (bezperan baino bat gehiago).
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak uztailaren 9, 10 eta 11 egunei dagokien buletin epidemiologikoa argitaratu du, eta asteburutan zehazten ez dituen adierazle batzuen berri eman, hala nola, pilatutako intzidentzia, R0a edota kutsatzeak adinez adin. Igande honetan 672 positibo berri hauteman dituzte (bezperan baino hiru gehiago), positibotasun tasa larunbatekoaren oso antzeko mantenduta (% 9,7). Guztira, 6923 proba diagnostiko egin dituzte.
Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (282), Gipuzkoan (266) eta Araban (84). Azken asteetan gertatu den bezala, 10etik gora daude EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean zenbatutako positiboak, eta igande honetan 40 izan dira. Eguneko datuak utzitako rankingak ez du azken 14 egunetako bilakaerarekin bat egiten, Gipuzkoa baita tasa altuena duena, Bizkaikoaren eta Arabakoaren oso aurretik.
Are, Gipuzkoako herri batzuetako egoera epidemiologikoa lurraldekoa baino krudelagoa da. Aipatzekoak dira, horien artean, Hernani, 1913 kasuko pilatuko tasa (40 positibo berri asteburuan) Urnieta (1095), Astigarraga edota Zumaia (biak ala biak, 824).
Gazteriaren artean zenbatutako kutsatzeen egoera ez da samurragoa. Atzokoan zenbatutako 672 kasuetatik, 531 (ia % 80) 39 urtez azpikoei dagozkie, eta adin tarte horretako intzidentzia metatua 500dik gora dago. Dena dela, 17-18 urteko gazteen intzidentzia tasa metatua puztuago dago: 100.000 biztanleko 2.500 kasukoa da jada.
Joan den astean egonkor samar mantendu da erietxeetako egoera. Astea beste joera batekin abiatu dugu, ordea. Igande honetan 23 pertsona ospitaleratu dituzte, bezperan baino lau gehiago, eta guztira, 82 lagun daude gela arruntetan (ostiralean baino 17 gehiago, eta duela astebete baino 24 gehiago). ZIUetan ez da egoera asko gaiztotu: 28 eri daude larri (bezperan baino bat gehiago). Nabarmendu behar da datuok ez dituztela Lehen Arretako egoera adierazten.