KORONABIRUSA
EAEko gazteen transmisio altua ZIUetara heldu da: 14 urteko nerabe bat oso larri dago
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
17-18 urteko gazteen intzidentzia tasa metatua etengabe igotzen ari da, eta tasa orokorra (346 kasu) halako zazpi da: 2.659 kasu 100.000 biztanleko. Atzokoan 788 positibo berri haumetan zituzten.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Koronabirusak gazteak izan ditu jomuga azken asteetan. Horren erakusle, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 17-18 urtekoen intzidentzia tasa metatuak harrapatu duen zenbaki puztua, 2.500dik gorakoa. Orain arte, transmisio altu horrek ez du aparteko eraginik izan ospitaleetan, baina gaur Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eman du datua: adingabe bat dago ZIUetan, oso larri, eta 14 urte baino ez ditu.
Astelehenari dagokion buletin epidemiologikoaren arabera, 17-18 urtekoen intzidentzia metatua tasa orokorra halako zazpi da: 2.659 eta 346 kasu, 100.000 biztanleko, hurrenez hurren. Atzemandako 788 positibo berrietatik, ia erdia (390) 19-39 urteko gazteei dagokie eta laurden bat (199) adingabeei.
Gazteen arteko transmisio altu horrek ez du orain arte erietxeetako egoera asko tenkatu, baina Sagarduik aipatu bezala, izan du isla jada. Gaur gaurkoz, 23 pertsona daude oso larri, ZIUetan (bezperan baino bost gutxiago), tartean 14 urteko nerabe hori. Bestalde, ospitaleetako gela arruntetan dagoen eri kopurua hazi egin da azken orduetan, eta 87 dira jada. Sagarduik zehaztu duenez, gazteak ere badaude tartean: 14 urteko nerabe bat, 15-18 urteko beste bat, 18 eta 30 urte bitarteko sei gazte eta beste 10, 31-40 urtekoak. Horrez gain, 26 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, igandean baino hiru gehiago.
Lurraldeka, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien (404, bezperan baino 122 gehiago), ondoren Gipuzkoan (251, -14), eta Araban azkenik 94 (+10). EAEtik kanpo bizi diren pertsonen artean 39 kasu zenbatu dituzte.
Dena dela, azken 14 egunetako pilatutako intzidentziak ez du banaketa berdina: Gipuzkoako tasa maximoetan dago (426), eta Bizkaikoa ere 300dik gertu kokatu da (295). Arabakoak ere 250 puntuko langa gainditu berri du (256 kasu 100.000 biztanleko). Hori horrela, EAEko intzidentzia metatua 346koa da astelehen honetan. Tasa horrek "transmisio altua" adierazten du (ez dago jasoa Jaurlaritzak onartu berri duen Bizi Berri IV planean, eta aurrekora jo behar da testuinguru hori topatzeko).
Ez da inor hil covid-19ak jota azken 13 egunetan
Bada itxaropenerako tarterik: oinarrizko erreprodukzio indizeak (R0 gisa ezagutzen denak, positibo batek kutsatzen dituen pertsona kopurua) sei egun daramatza beheranzko joerarekin. Uztailaren 5eko zenbakia 1,51tik 1,30era jaitsi da (bezperarekin alderatuta, bi ehunen egin du behera). Epidemiologoen arabera, 1etik behera kokatzea da gomendagarriena.
Horrez gain, Sagarduik jakinarazi duenez, ekainaren 30etik ez da inor hil koronabirusagatik.
Azkenik, koronabirusaren semaforoari erreparatuta (datuak herriz herri xehatzen dituena), gero eta gehiago dira gorrian dauden udalerri handiak (400 pilatutako kasu baino gehiago), 16, hain justu. Are, horietako bitan, Hernanin eta Urnietan, 1.000tik gora dago tasa hori.