Itxi

Lehen alarma egoera

Espainiako Gobernuak ezarritako etxeko konfinamendua baliogabetu du Konstituzionalak

Agentziak | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Oso emaitza estuarekin bada ere (sei boto bosten kontra), Voxek aurkeztutako helegitea aintzat hartu dute epaileek (zati bat bederen). Zehazki, pertsonen eta ibilgailuen zirkulazio askea debekatzea konstituzioaren aurkakoa zela ebatzi dute.

Iruñeko Gaztelu plaza, hutsik, konfinamendu garaian. Argazkia: EFE

Pandemiari aurre egiteko Espainiako Gobernuak iaz ezarritako etxeko konfinamendua legearen kontrakoa izan zela ebatzi du Auzitegi Konstituzionalak. Sanchezen Gobernuak 2010ko martxoaren 14an mugatu zuen pertsonen zirkulazio askea, lehen alarma egoeraren baitan. Voxek lege dekretu horren kontrako helegitea aurkeztu zuen Konstituzionalean, eta beraz, partzialki bada ere, helegite hori aintzat hartu du goi auzitegiak. Zehazki, pertsonen eta ibilgailuen mugikortasuna mugatu zituen puntuak baliogabetu dituzte, baita Osasun Ministerioari merkataritza alorreko erabakiak hartzeko eskumena ere.

Erabakia oso emaitza estuarekin hartu dute epaileek (11tik sei bozkatu dute alde, eta beste bostek, kontra). Honakoek boto partikularra eman dute: Juan Jose Gonzalez Rivas Auzitegiko presidenteak, eta Andres Ollero, Juan Antonio Xiol, Candido Conde-Pumpido eta Maria Luisa Balaguer magistratuek.

Hainbat bilkuren eta eztabaidaren ostean hartu dute erabakia. Encarnacion Roca presidenteordearen aldeko botoak mugiarazi du balantza epaile kontserbadoreen mesedetan.

Gainerako bost magistratuek (hiru aurrerakoi eta bi kontserbadore), aldiz, uste dute Espainiako Gobernuak ondo jardun zuela etxeko konfinamendua ezartzeko orduan.

Zehazki, lege dekretuaren 7. artikuluko 1,3 eta 5 puntuak baliogabetu ditu auzitegiak, pertsonen zein ibilgailuen zirkulazio askea mugatzen zutenekoak.

Halaber, egoera hartan Osasun Ministerioari emandako eskumen bereziek konstituzioa urratu zutela ebatzi dute. Hala nola, merkataritza, kultura eta ostalaritza alorrean murrizketak hartzeko gaitasuna.

Horrenbestez, Pedro Gonzalez Trevijano magistratuaren irizpidea nagusitu da. Treviajnok Voxek eskatuta aztertu zuen gaia, eta alarma egoera konstituzioaren kontrako zela ebatzi.

Epaia datozen egunetan kaleratuko dute, baita egon diren boto partikularren argudioak ere.

Espainiako Gobernuak beste erabaki bat espero zuen

Ebazpen horrek ezustean harrapatu du Espainiako Gobernua, eta alarma egoera "legezkoa" eta "bizitzak salbatzeko nahitaezkoa" izan zela nabarmendu dute Moncloako iturriek.

Santiago Abascal Voxeko presidenteak, berriz, pozik hartu du Konstituzionalaren ebazpena. Horren ustez, "agerian geratu da historiako eskubide urraketa handiena konstituzioaren kontrakoa izan zela". Era berean, azpimarratu du bere alderdia izan zela kontra bozkatu zuen bakarra eta helegitea aurkeztu zuen bakarra.

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak zehaztu du eskuin muturreko alderdiak lehen alarma egoera ezartzearen alde bozkatu zuela Kongresuan egindako bozketan.

Albisteak (1)