Alarma egoera
Zer gertatuko da konfinamendu garaian ezarritako isunekin?
EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearen arabera, litekeena da herritarrek multen berrikuspena eta horien zenbatekoa itzultzeko eskatzeko aukera izatea.
Auzitegi Konstituzionalak lehen alarma-egoeraren konfinamendua legez kanpokotzat jo ondoren, Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak aditzera eman du konfinamendua urratzea egotzitako zigorra jaso duten herritarrek isunak berrikusteko eta horien zenbatekoa itzultzeko eska dezaketela.
Halaber, oraindik tramitatzen ari diren zigorrei dagokienez, Subijanak uste du "litekeena" dela "horiek baliogabetzea baldin eta Konstituzio Auzitegiak legez kanpokotzat jo dituen baldintzetako batean oinarritzen badira".
Hala ere, Konstituzionalaren erabakia "justifikatzen duten argudio guztiak" ezagutzen ez direla gogoratu du. "Ebazpena jakinarazi dute bakarrik; Auzitegi Konstituzionalak eman du epaia, baina oraindik ez ditu horren nondik norakoak azaldu ", azaldu du Subijanak.
"Epaiaren arabera, oinarrizko eskubideak bertan behera uzteak salbuespen egoera bat ezartzea eskatzen du", adierazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, baina gai horren inguruan egindako adierazpenetan haratago joatea saihestu du.
"Sortu ahal izan dituen iritziak direnak dira, nik ez ditut eztabaidatuko. Hor daude, baina balore juridikoen ikuspuntutik interesatzen dena da ezagutzea epaiaren zentzua eta gutxienekoen botoa justifikatzen duten argudioak", gaineratu du.