Itxi

Koronabirusa

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak "erantzukizuna eta laguntza" eskatu dituzte kaleetan pilaketak saihesteko

E.G. | EITB MEDIA

Leer en Castellano

Gauerdian sartu da indarrean ordu txikietan pertsonen topaketak galarazten dituen lehendakariaren dekretua. Poliziek neurri bereziak hartuko dituzte kale-edanak saihesteko eta alkohol eta droga kontrolak egingo dituzte.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ostiral honetan, gauerdiaz geroztik, indarrean da koronabirusaren hedatzea geldiarazten saiatzeko lehendakariaren dekretu berria. Gaur kaleratu duten ohar batean, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak "erantzukizuna eta laguntza" eskatu dizkiete herritarrei jaiak, talde ospakizunak eta tankerakoak saihesteko eta edukierak errespetatu, segurtasun distantziak gorde eta maskara modu egokian erabiltzeko deia egin dute. Gazteei zuzendu zaizkie batez ere, talde hori baita izurriak gogorren erasandakoa.

Arauaren berrikuntza nagusia honakoa da: 00:00etatik 06:00etara, bizikideak ez diren pertsona multzoak ezingo dira egon parkeetan, lorategietan, hondartzetan, kirol-eremuetan, irristaketa edo skate pistetan edo aire libreko antzeko erabilera publikoko espazioetan, ezta portuei eta itsas pasealekuei dagozkien espazio publikoetan ere. Dena dela, zirkulazioa askea da, eta pilaketak saihestuta, espazio horiek erabil litezke.

Goizaldean eta aurrerantzean, Ertzaintzak eta udaltzainek "herritarrak babesteko operatibo bereziak" jarriko dituzte martxan. Neurri edo kontrol horiek kale-edana ekiditea izango dute helburu nagusi, batez ere taldean egiten den hori.

Batez ere "jaien edo egun seinalatuen bueltan, edo jende asko pilatu ohi den guneetan" jardungo dute poliziek. Bereziki zainduko dituzte lorategi eta parkeak, hondartzak edo kale zurruterako erabiltzen diren lekuak. 

Era berean, droga eta alkohol kontrolak areagotuko dituzte errepideetan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Albisteak (3)

Bideoak (2)