Itxi

covid-aren eragina gazteengan

Fermin Labayen: "Ondorioak izugarriak dira, gazteek ez dutelako uste eragingo dienik"

EITB Media

Leer en Castellano

Gurutzeta Ospitaleko zainketa intentsiboetako zerbitzuburuak azaldu duenez, “hau pixkanaka berotzen ari da. Ospitaleratzeak poliki-poliki areagotzen ari dira, eta gero eta jende gazteagoa izaten ari da”.

Fermín Labayen.

Covid-19ak eragindako ospitale-presioak gora egin du Euskadin, apurka bada ere, duela hamar egunetik. Era berean, behera egin du ZIUetan ospitaleratzen ari diren gaixo kritikoen adinak.

Fermin Labayen Gurutzetako Ospitaleko ZIUko zerbitzuburuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, EAEko ospitaleetan koronabirusa duten gaixoek gora egin dute azken egunotan, eta zainketa intentsiboetako unitateen jarduera "apur bat berotzen ari da, eta ospitaleratzeak pixkanaka handituz doaz". Era berean, ospitaleratzen batez besteko adina jaisten ari dela ohartarazi du.

Pandemiaren lehen olatuan ospitaleratutakoen batez besteko adina 65 urte ingurukoa zen, eta orain 50 urtekoa da. Hala ere, nabarmendu du gero eta gehiago direla 40 urtetik beherakoak. "Horietako batzuk ZIUetako oheak okupatzen ari dira, egoera kritikoan"; era berean, azpimarratu du asko aldez aurretiko patologiarik gabekoak direla.

Arnas gutxiegitasun larria izan eta ospitaletik igaro ostean, kutsatutako gazte asko "behera etorri dira", dioenez, "ez baitzekiten haiei toka zekiekeenik".

Labayenek azaldu duenez, gaixook bat-batean izaten dituzte disfuntzio organikoak, askotan giltzurrunean; muskulu-masa galtzen dute, irensteko arazoak dituzte, ito egiten dira eta errehabilitazio-prozesu sakon eta luzeak behar dituzten bestelako egoera oso konplexuak izaten dituzte.

Hori dela eta, gazteei lehenbailehen txertoa jartzea aholkatu du; izan ere, adituek ohartarazi dutenez, aldaera berrien ondorioz, taldeko immunitatea ez da lortuko txertatutako gizartearen % 70arekin, baizik eta % 90arekin.

Horrez gainera, Urdullu lehendakariak "musukoa, musukoa eta musukoa" aldarrikapenarekin bat etorri eta gomendatu du segurtasun distantziak gordetzen eta eskuak maiz garbitzen segitu beharra dagoela, talde immunitatea lortu arte.