Koronabirusa
Astelehenean ez dute txertorik jarriko Illunben, egun horretarako "dosi gutxi" baitaude
Agentziak | EITB Media
Astelehenerako gordeta zituzten txertoak asteko beste egun batzuetan jartzea erabaki du Osakidetzak. Asteartean dosi gehiago helduko direnez, Donostiako txertaketa guneak ohiko jarduera berreskuratuko du.
Osasun arloko profesionalek ez dute koronabirusaren aurkako txertorik jarriko astelehen honetan Illunben; izan ere, "dosi gutxi" daude egun horretarako. Ildo horretatik, astelehenerako gordeta zituzten txertoak asteko beste egun batzuetan jartzea erabaki du Osakidetzak. Nolanahi ere, instalazioak irekita egongo dira.
"Astelehenetan dosi gutxiago izaten ditugu, txertoak astearteetan heltzen direlako Euskadira", azaldu du Osasun Sailak. Hala, asteko lehen egunean, "jende gutxiagori" jartzen zaio txertoa Donostiako zentroan, "aurreko beste aste askotan bezala".
Horrenbestez, covid-19aren aurkako dosi gutxiago dituztenez, astelehenerako aurreikusita zeuden txertoak asteko beste egun batzuetan jartzea erabaki dute.
Asteartean koronabirusari aurre egiteko txerto gehiago jasotzea espero du Osakidetzak, beraz, Donostiako txertaketa guneak ohiko jarduera berreskuratuko du.